«Ilusioa dut datorren urtean lehen mailan egoteko»

tolosa 2011ko azaroaren 1a

Iñigo Jauregirentzat (Tolosa, 1989) bere arraun denboraldi garrantzitsuena izan da aurtengoa. Zierbena traineruarekin bigarren egin du KAE 1 ligan, hau da, arraunaren bigarren mailan. Igoerako kanporaketan bigarren egin zuten ere, eta arauek datorren denboraldian lehen mailan egon behar dutela esaten badute ere, Urdaibairen aurka zabalik dagoen auziak egoera deseroso batean utzi ditu. «Ez dakigu datorren urtean lehen mailan edo bigarren mailan izango garen, eta horrek ez digu uzten behar bezala prestatzen», dio Jauregik.

Noiz hasi zinen arraun egiten?

Kuadrilako baten aitak, gaztetan patroi aritu zena, arraun egiten probatu nahi al genuen galdetu zigun, eta guk baietz esan genion. Orduan hamasei urte nituen. Horrelaxe probatzen hasi ginen, gero pixkana ikasten joan nintzen, eta gustatu egin zitzaidan. Tolosaldeko arraun elkarteak galdetu zigun ea Gipuzkoako ligaxkan parte hartu nahi genuen. Eta horrela TAKen hasi ginen, eta jubenilen lehenengo urtean geundela, Oriotik deitu ziguten hango bateletan parte hartzeko.

Eta Orion jarraitu zenuen.

Seniorretara pasatu nintzenean, Anjel Larrañagak galdetu zidan ea arraunean jarraitu nahi nuen. Baietz esan nion eta berak lagundu zidan Oriora joaten. Pixkana nire lekua irabazi nuen eta hiru urte pasatu nituen han. Bukaera aldera nahiko erreta nengoen. Gainera, lanarekin batera ikasten hasi nintzen, eta aldaketa bat behar nuen. Utzi egingo nuela esan nuen. Baina, justu, Orioko lehenengo urtean nire entrenatzailea izan zen Patxi Francesek deitu zidan, eta Zierbenako proiektuaz hitz egin zidan. Nik nire egoera esan nion: entrenatzera joateko denborarik ez nuela izango. Berak erantzun zidan entrenamenduak pasako zizkidala eta astean zehar nire kabuz entrenatzeko. Azkenean konbentzitu zidan eta horrela iritsi nintzen Zierbanara.

Beraz, denbora handirik ez arraunerako, eta Zierbenan amaitu zenuen.

Bai, azkenean haraino joan nintzen. Entrenatzaileak jarri zidan aukeretako bat negu guztian astegunetan hemen entrenatzea eta asteburuetan hara joatea izan zen. Horrek bidaietako denbora asko kentzen zidan, joan eta etorri hiru ordu direlako. Ikasten bukatzen nuenean, kiroldegira joaten nintzen eta nire kasara entrenatzen nuen. Horrek gauzak asko errazten zizkidan. Ergometroan, pisuekin eta korrikan aritzen nintzen, batez ere. Eta uretara, asteburuetan ateratzen nintzen. Taldekideak, neguan, astean zehar ere ateratzen ziren uretara.

Eta nola hartzen zuten taldekideek zu handik asteburuetan bakarrik azaltzea?

Egia esan, oso jende jatorrarekin elkartu naiz, nire egoera ulertzen zuten eta erabat lagundu didate. Hori bai, gero asteburuetan joaten nintzenean, erakutsi behar nuen taldean nire lekua nuela. Entrenatzaileak hasieratik sekulako konfiatza jarri zuen nigan. Traineruko arraunketa berarekin ikasi nuen Orion. Konfiantza horrek asko lagundu dit ni han gustura sentitzeko. Klubeko lehendakariak-eta oso tratu ona eman didate, eta behar izan dudana eskura jarri didate.

Titular moduan aritu zara?

Bai, estropada guztietan parte hartu dut, bai bateletan eta baita traineruetan ere. Behintzat, postua irabazi dut.

Nola joan da denboraldia?

Bigarren egin genuen ligan. Hasieran jaitsierak egiten dira, Hondarribikoa, Oriokoa… Horietan Santurtzi, Portugalete, Isuntza… oso indartsu aritu ziren. Gu ez ginen desastre aritu, baina ez ginen puntan izan. Portugaletek eta Santurtzik sekulako fitxaketak egin zituzten eta mundua jan behar zutela ematen zuen. Inork ez zuen Zierbena kontuan hartzen, baina guk bagenekien lan polita egitea genuela. Isil-isilik, umiltasunarekin, gure lanean jarraitu genuen.

Eta traineruen liga nola hasi zenuten?

Ligako lehen estropadan, Errioxan, bigarren egin genuen, Portugaleteren atzetik. Ibaietako eta ur geldoetako estropadetan gu baino gehiago zen Portugalete, baina itsasokoetan, gehienbat mugitua zegoenean, gu hobeto aritzen ginen beraiek baino. Ez ditugu bandera asko irabazi, Portugalete hor zegoelako, eta Kantauriko arraunlari hobentsuenak fitxatu dituelako. Bandera bakarra irabazi dugu, Plentziakoa, baina oso erregularrak izan gara ligan zehar.

Beraz, oso gustura egin duzuenarekin.

Bai. Bateletan, Bizkaiko Ligan, Kaiku, Urdaibai eta Portugaleterekin lehian aritu ginen. Hor konfiantza hartu genuen. Gure arazoetako bat hori zen: nola taldean ez genituen izen handiko arraunlaririk, ez genuen behar bezainbeste sinisten guregan. Eta bateletan nola aritu ginen ikusita, traineruan ere ondo aritzeko gai ginela barneratu genuen. Ez genuen klubetik presiorik emaitza jakin bat lortzeko, Portugalete edo Santurtzi bezala, eta azkenean ondo atera zaigu denboraldia.

Denboraldi amaiera, baina, nahastuta geratu da Urdaibairen aferarekin.

Ligan bigarren gelditu ginen eta, beraz, mailaz igotzeko play-offetan sartzeko txartela lortu genuen. Eta kanporaketa horretan bigarren egin genuen, beraz lehen mailako postua lortu genuen. Kontua da Urdaibairen aurka epaitegietan prozesu bat dagoela, dopinaren inguruan. TKE ligak Urdaibairen egoera federazioko epaile bakarraren eskuetan utzi zuen, eta honek epaitegien esku. Epaiaren arabera, ligatik kanporatua gelditu daiteke Urdaibai. Hori gertatu litekeela eta, TKEko klubek erabaki zuten ligako azken sailkatuak, Oriok, play-offetakoekin batera erlojupekoa egitea, badaezpada. Kontua da Oriok guk baino denbora hobeagoa egin zuela. Eta, beraz, Urdaibai kanporatzen badute, Orio igoko litzateke eta gu bigarren mailara jaitsi.

Eta zer gertatu daiteke epaitegietan?

Ez dakit, baina baliteke Urdaibaiko lehendakaria edo entrenatzailea zigortzea, baina kluba ez, arraunlariek ez baitute positiborik eman.

Oraindik maila batean edo bestean ariko zareten ez jakiteak, asko eragingo dizue, ezta?

Oso egoera deserosoa da. Guk erabakia lehenbailehen jakin behar dugu datorren denboraldia prestatzeko. Berez, erabaki horrek aspaldi hartuta egon behar zuen. Beste taldeak mugitzen ari dira, arraunlariak fitxatzen, babesleak lortzen... Guri egoerak kalte egiten ari zaigu. Berez, play-offen ondoren, mailaz igo ginelako besoak altxatu beharrean, zalantza horrekin geratu gara, zer gertatuko den ez dakigula.

Eta, noski, ilusioa egingo dizue lehen mailan aritzeak.

Bai. Azken finean Zierbenak bere urte onak izan ditu, baina aspaldiko urteetan eta TKE liga sortu zenetik, ez da sekula lehenengo mailan izan. Orain dela hiru urte hirugarren mailan zegoen eta hiru urtetan lehen mailara igo gara. Beraz, klubarentzat oso garrantzitsua da.

Zure asmoa Zierbenan jarraitzea da?

Bai. Zierbenan oso ondo hartu naute bai zuzendaritza aldetik baita entrenatzailearen aldetik ere. Oso jende ona topatu dut, dena emateko prest dagoena. Akats bakarra da urrutiegi dagoela. Nire betiko taldea Orio izan da. Eta baliteke Oriora itzultzeko unea iristea. Baina, egoera jakin baten ondoren, erabaki bat hartu nuen eta Zierbenan nago orain. Nik han, Orion tirako nuen arima berdinarekin tiratzen dut. Ilusioa dut datorren urtean lehenengo mailan egoteko eta hori gozatzeko. Lau urte kostatu zait horra iristea. Ea orain uzten diguten lortu dugunaz gozatzen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!