Ukrainako Oreya Chamber Choir izan da 43. Abesbatza Lehiaketako talde izarra. Guztira lau sari irabazi dituzte ukrainiarrek, baina oraindik ezin izango dituzte etxera eraman kopa eta txapela guztiak, Tolosan jarraitzeko asmoa baitute. Sari Nagusia, Ikuslearen Saria eta Ahots Nahastuetako bi sariak jaso dituen abesbatza ikusi nahi duenak, hilaren 3an, etzi aukera paregabea edukiko du Tolosako Santa Klara elizan. 19:30ean hasiko den kontzertuan, Ukrainako taldeko ahots eder eta landuek, musika ortodoxoa zer den erakutsiko dute.
Izar distiratsuenen atzetik, Txinako haurrak, Asturiasko haur eta helduak, Errenteriako Landarbaso abesbatza eta Ingalaterrako hainbat talde azpimarratu behar dira. Guztien artean, aurtengo Tolosako Abesbatza Lehiaketari maila gorena eman diote. Epaileek eta antolatzaileek ere hori azpimarratu nahi izan dute, puntuen edo kritiken bidez.
Hilaren 5ean, jarraipena
Abesbatzen zaleek aurtengo urtea ez dute erraz ahaztuko. Tolosako lehiaketaren ondoren, astebete eskasera, Abesbatza Kantuaren Europako Sari Nagusia jokatuko baita Tolosan bertan. Egun bateko lehia honetan, bost abesbatza ariko dira Leidorren. Europako sari nagusia hilaren 5ean, larunbatean, izango da 17:30etik aurrera. Bertan ondorengo taldeak egongo dira: Italiako Coro Citta Di Roma; Euskal Herriko Kup Taldea; Alemaniako Consono Chamber Choir; Suediako Svenska Kammarkör eta Hungariako Cantemus Children’s Choir. Azken hauek txartela iazko Tolosako Abesbatza Lehiaketan lortu zuten, Sari Nagusia eskuratu ostean.
Alexander Vatsek: «Europako lehiaketa garrantzitsuena Tolosakoa da»
Sari banaketa ekitaldiaren ondoren, oraindik laino artean zegoen Oreya abesbatzako zuzendaria, Alexander Vatsek. Ukrainakoa taldearen gidariak, Tolosarekiko esker oneko hitzak besterik ez zituen. Horrez gain, beste abesbatzengandik asko ikasi duela onartu zuen.
Txapeletako bat buruan zuela, kazetariekin elkartu zen Leidor aretoan.
Horrenbeste sari jaso dituen abesbatza batentzat, zer da Tolosako Abesbatza Lehiaketan lau sari jasotzea?
Ezin sinetsirik nabil oraindik. Gu Tolosara hiru alditan etorri gara: Lehenengoa 1992. urtean izan zen. Mistoetan zortzigarren gelditu ginen, eta nesketan bigarren postuan. Ukrainatik irteten ginen bigarren aldia zela kontuan hartuta, oso pozik gelditu ginen, ezusteko handia izan zen. Horrez gain, jende jator ugari ezagutu genuen Tolosan. Luis Zeberio eta antolakuntzako beste hainbat lagun. Oso jator portatu ziren denak gurekin.
Noiz izan zen bigarren aldia?
1999an. Polifonian bigarren saria eskuratu genuen, eta folklorean lehenengoa.
Hirugarrengo honetan, berriz, nagusi.
Jainkoaren zenbaki maitatuena hirua da, eta guk hirugarrengoan lau sari irabazi ditugu. Izugarria da hau dena.
Epaileen erabakia jakin zenuenean, zer pentsatu zenuen?
Oso pozik gelditu ginen. Folklorean adibidez, Asturiasko Leon de Oro abesbatza ikusten nuen faborito: oso maila altua erakutsi zuten, uste nuen eurek irabaziko zutela. Oreya abesbatzaren 25. urteurrena dela kontuan hartuta, horrelako emaitza lortzea oso garrantzitsua da guretzat.
Zer esan nahi du Tolosak zuretzat?
Europan sei lehiaketa garrantzitsu daude, eta horietatik garrantzitsuena niretzat Tolosakoa da. Ohore bat da niretzat gu hemen egotea. Sariak jasotzeaz gain, asko ikasi dugu. Landarbasoko abesbatzak adibidez, ideia oso originalak eta onak erakutsi dizkigu; estetikoki asko gustatu zaizkit, oso interesgarria izan da. Denborarekin asko hobetuko dutela iruditzen zait, eta arrakasta lortuko dutela.
Ikuslearen Saria, azken urteetan, kantatzerako unean serio egoten diren taldeek ez dute irabazi; hauek Sari Nagusia eman izan ohi dute. Aurten zuek biak irabaztea lortu duzue.
Kontserbatorioan ikaslea nintzenean, irakasle oso serioa genuen. Niretzat ez zen hori batere interesgarria. Nire ustez, abesbatzak serioa izan behar du, baina baita show-a ematen duena ere: neskak ederrak, gizonak gogorrak eta itsura elegantekoak, guztiak. Neska ederrekin ez dut esan nahi politak, dotoreziaz interpretatzen dakitenak baizik.
SAILKAPEN NAGUSIA
Kutxa sari nagusia
Oreya Chamber Choir. Ukrania.
Ikuslearen saria
Oreya Chamber Choir. Ukrania.
Euskal abesti baten interpretazio onena
Coro El Leon de Oro. Asturias. Josu Elberdinen Segalariak abestiagatik.
Haur abesbatzak
1. Guangzhou Children’s Palace Choir. Txina.
2. Los Peques del Leon de Oro. Asturias.
3. Loboc Children’s Choir. Filipinas.
Ahots taldeak musika erlijiosoan
1. The Gentlemen Singers. Txekia.
2. Songmen. Ingalaterra.
3. Convivium Singers. Ingalaterra.
Ahots taldeak musika profanoan
1. The Gentlemen Singers. Txekia.
2. Songmen. Ingalaterra.
3. Convivium Singers. Ingalaterra.
Ahots nahasiak polifonian
1. Oreya Chamber Choir. Ukrania.
2. Coro El Leon de Oro. Asturias.
3. Landarbaso Abesbatza. Errenteria, Euskal Herria.
Ahots nahasiak Folklorean
1. Oreya Chamber Choir. Ukrania.
2. Coro El Leon de Oro. Asturias.
3. Youth Choir Balsis. Letonia.