Bonberenea Txarangaren hirugarren diskoak ikusi du argia. Txarangaren "erronkarik handiena" izan dela proiektua diote bertako kideek. Izan ere, ez da nolanahiko lana Pirritx, Porrotx eta Marimototx pailazoekin elkarlanean burutu dutena. Azaltzen dutenaren arabera, "Tolosako gaztetxeak eta Euskal Herriko pailazorik ospetsuenek 2002an hasitako bideak era natural batean eskatu du horrelako proiektu bati aurre egitea, eta disko honek ibilbide hori islatzen du".
Bertan, Pirritx, Porrotx eta Marimototx pailazoen kanturik ezagunenak "Bonberenea erara" izan dira prestatuak, txarangaren hotsa pailazoen ahots eta letrekin nahastuz. 11 abesti "dantzagarriz" eta 12 ipuintxoz osaturiko diskoan Bonberenea txarangak urte hauetan guztietan egindako lagun askok ere parte hartu dute. Hala, Zea Mays taldeko Aiora Renteria, Su ta Gar taldeko Aitor Gorosabel, Gose taldeko Ines Osinaga, Doctor Deseo taldeko Francis Diez, Oreka Tx eta Agustin Mujika Takolo entzun ahalko dira, besteak beste, eta baita Tolosaldeko zenbait artista ere.
Halaber, diskoarekin batera, elementu desberdinez osaturiko DVDa ere badago, ikus-entzunezkoez betea. Nabarmentzekoa bertan ikusgai dagoen Pirritx eta Porrotx gaztetxean izena duen dokumenatala. Bonberenean ekoiztutako lana da, "aurreneko bonbo, kaxa eta txindetatik hasita Bonberenea abestiaren bideokliperaino".
Gaur goizean Bonberenean bertan txarangak pailazo ezagunek lagundurik jai giroan egin duten aurkezpenean, Porrotxek gazteen garrantzia azpimarratu du; "gazteek gaztetxeetan lan handia egiten dute Euskal Herri osoan, horregatik beharrezkoa da guztiontzat denek lan horretan jarraitzea". Marimototxek ere ildo beretik jarraituz, Pirritxekin batera duela urte asko gaztetxeetan hasi zirela saioak eskaintzen gogoratu du, hauen garrantzia agerian geratze aldera. Pirritxek, bere aldetik, eskerrak eman dizkie Bonbereneako gazteei proiektu horretan elkarlanean aritzeagatik; "Ia 25 urteko ibilbidean abestu ditugun kantuak zuekin, Bonberenea Txarangarekin abestea plazerra izan da". Txarangako kideek ere eskerrak eman dizkie pailazoei bai eta proiektuan parte hartu duten lagun guztiei ere.
Bestalde, diskoa aurkeztu baino ez dute egin, eta dagoeneko emanaldiz beteriko egutegia dute tolosarrek. Azaroaren 20an Donibane Lohitzunen izango dira, azaroaren 23an, Iruñean, azaroaren 27an, Gasteizen, abenduaren 6an, Durangoko azokan, abenduaren 17 eta 18an, Barakaldoko BECen, urtarrilaren 3an, Donostiako Kursaalen eta urtarrilaren 5ean, Arrasaten.