http://www.youtube.com/watch?v=vzkfQTq51SQ
Orain urtebete egindako omenaldiak jarraipena izan du. Erkki Pohjola finlandiarraren omenez kontzertua egin zuten 2010eko urrian Tolosako Leidor aretoan. Emanaldi hartako CDa eta DVDa argitaratu dute, Erkki Pohjola, in memorian concert izenekoa, eta gaur aurkeztu dute lana bi bultzatzaile nagusiek, Migel eta Juantxo Zeberiok. Bere ondoan izan zen David Azurza, iazko kontzertuko parte hartzaileetako bat.
Migel Zeberiok Pohjolak utzitako «arrasto garrantzitsua» nabarmendu du: «Urte askotan etorri zen Finlandiatik Tolosako Abesbatza Lehiaketara. Berarekin hartu eman handia izan genuen, bai pertsonala eta bai musikaren aldetik. Ez genuen utzi nahi gure omenalditxoa eta gure alde positiboa adierazi gabe. Iazko kontzertua berak eman digunaren neurrikoa izan zen. Emaitza ere bikaina izan zen, grabaketa ere ederra atera zen, eta CDa eta DVDa argitaratzea erabaki genuen». Pohjolaren ekarpena laburbildu du Zeberiok: «Haurren koruen gaian XX. mendeko bigarren zatia erreferentea izan da mundu mailan. Iraultza bat egin zuen pertsona izan zen eta zortea izan dugu gertukoa izan dugulako» .
Musikari bezala jasotako emaria eta Pohjolarekin izandako harremana kontzertuan gauzatu zutela esan du Zeberiok. «Gauzak sortzeko eta birsortzeko dira. Iraganak horretarako balio behar duela uste dut. Emaitza oso ederra da eta hor geldituko da, horren gainean beste batzuk ere eraikitzen jarrai dezaten», gaineratu du.
Bere aldetik, Juantxo Zeberiok «ilusio eta maitasun handiz» egindakoa lana izan dela nabarmendu du, «jende askoren borondatearekin». Eszenatoki gainean 250 haur izan ziren, 30 musikari, eta kontzertu horretarako sortutako eszenografia. «Zeharka etorri ziren lauzpabost eroren laguntza ere jaso genuen», esan du. «Zorionez, horrelako kasuetan gertatzen den bezala, gu oso kontentu gelditu ginen emaitzarekin. Azkeneko unean grabatzea pentsatu zen eta dena espero baino hobeto geratu zen, bai kontzertuarena, bai soinua eta baita grabaketa bera ere».
David Azurzak bi gauza azpimarratu ditu. Batetik, Pohjolarekin izandako harreman estua gogora ekarri du. «Musikalki eta pertsonalki proiektu honetan parte hartu nahi nuen», esan du. Bestalde, argitalpena goraipatu du: «Horrelako eroak eta erokeriak behar ditugu gure kultura bizirik mantentzeko. Proiektu hauek eta ilusio horrekin egindakoak behar dira, eta zoriontzekoa da egindakoa».
Lana salgai izango da, alde batetik, Tolosako Abesbatza Lehiaketaren dendan. Bestetik, Abesbatza Federazioren bitartez ere eskuratu ahalko da, eta Tolosako zenbait komertzioetan ere erosi ahal izango da.