Beste hainbat gozoren artean, txurroak eta xaxuak banatuko dituzte larunbatean, Tolosako kaleetan. Urteroko moduan, Tolosa Goxua azoka berezia izango da, goizean goizetik, eta hainbat produktu gozo eskuratu ahal izango dituzte bertaratuek.
Tolosan gozogintza tradizionala lanbide duten Gorrotxategi, Eceiza, Gorosti, Gozona eta Saizar gozotegietako arduradunak izango dira Tolosa Goxua festako protagonistak, eta eurekin batera, Tolosako txurro denda ere bai.
Aurkezpen ekitaldian, Asier de los Rios zinegotziak, Eguberriak bitarte Tolosako ospatuko diren azoka bereziak ere aipatu ditu. Besteak beste, larunbateroko azokaz gain, Euskal Herriko frisoi txapelketa, Babarrun astea, Txuletaren festa eta Gabonetako azoka berezia izango dira datozen asteotan.
Larunbat honetan, goizeko 08:30ean hasiko da Tolosa Goxua azoka berezia, Trianguloa plazan, eta antolatzaileen arabera, «oso azoka orijinala izango da». Tolosako gozogintza tradizionala ezagutzeko aukera izango dute bertaratuek, eta horrez gain, Gipuzkoako gainerako herrietatik, nahiz, Araba, Bizkaia, Ipar Euskal Herria eta Errioxatik ere etorriko dira gozogileak. Bakoitzak bere espezialitateak ekarriko dituen arren, aurten Bizkaiko gozogileei omenaldi berezi bat egin nahi izan diete Tolosakoek.
4.000 karolina
Bizkaiko gozorik tipikoenak arroz pastela eta karolina pastela dira; honen harira, Tolosako bost gozogilek 4.000 karolina egingo dituzte Bizkaiko Gozogileen Alkartasunarekin elkarlanean, ondoren herritarrei banatzeko.
Karolina merengezko pastel bat da, baina Bizkaian, arrautza geruza bat eta txokolate geruza bat ematen diote. Azpian, berriz, ostopil modukoa izaten du.
10:30ean hasi, eta 12:00ak arte ariko dira gozogileak karolinak egiten; bertaratuek, beraz, pastelak nola egiten dituzten ikusi ahal izango dute, gero dastatzeko.
Gazta tarta lehiaketa
Aurten, Tolosa Goxua azokarako herriari zuzendutako lehiaketa antolatu dute: gazta tarta lehiaketa ere izango da, larunbat goizean.
Tolosarrek nahiz kanpotarrek parte hartu ahal izango dute, eta 10:00etatik 11:00etara bitarte, Trianguloan horretarako jarriko duten karpan utzi beharko dira gazta tartak. Tartarekin batera, gainera, tarta egiterako orduan erabilitako errezeta ere entregatu beharko da, ondoren epaimahaiak ikus dezan.
11:00etan, epaimahaia gazta tartak dastatzen hasiko da. Gozogintzan adituak diren Elena Arzakek, Lourdes Rekondok, Jose Mari Gorrotxategik eta Bizkaiko Gozogileen Alkartasuneko kide batek osatuko dute, aurtengo Tolosa Goxuako epaimahaia.
Horrela beraz, eguerdiko 12:30ak aldera, epaimahaiak gaztarta lehiaketa nork irabazi duen esango du. Lehen saria jasotzen duenak 200 euroko balioa duen saria jasoko du, Tolosako gozotegietan xahutzeko; bigarren postuan geratzen denak, berriz, 150 euroko saria jasoko du, gozoak erosteko. Era berean, parte-hartzaile guztien artean, azokako produktuez osaturiko hainbat sorta zozketatuko dituzte.
Antolatzaileek, lehiaketan parte hartu nahi dutenei, izena aurrez ematea gomendatu diete. Bi bide erabil ditzakete horretarako: batetik, 943 69 75 21 telefono zenbakira deitu dezakete, eta bestela, feriak@tolosakoudala.net helbidera ere idatz dezakete.
Gorrotxategik, 1.844 xaxu
Tolosa Gipuzkoako hiriburua izan zeneko garaia gogora ekarri nahi izan dute Gorrotxategiko gozogileek. 1844. urtetik 1854 urtera bitarte, Tolosa izan zen gipuzkoarren hiriburu, eta zenbaki hau oinarri hartuta, Gorrotxategik 1.844 xaxu banatuko dizkie herritarrei, bai Trianguloko postuan, baita Plaza Zaharrean duten dendan ere.
Rafael Gorrotxategi arduradunak azaldu duenez, «xaxua gozo zaharra da, baina aurten apustua egin nahi izan dugu; kaza berria ere egin diogu gozoari».
2.800 txurro banatzeko
Lau urte dira jada, Tolosako txurro denda berriro martxan jarri zenez geroztik. Honen harira, txurro dendako arduradunek Tolosa Goxua azoka berezia probestu nahi izan dute, denda ireki zuten egunaz geroztik pasa diren egunak zenbatu, eta egun bakoitzeko bina txurro herritarren artean banatzeko.
2.800 txurro egingo dituzte, beraz, txurro dendara gosaltzera joaten direnei banatzeko.
Eceizak betiko pastelak
Eceiza gozotegiko ordezkari Xabier Eceizak agerraldian azaldu duenez, «Eceizak ez du berrikuntzarik eskainiko Tolosa Goxua azokan». Horrela, beraz, bonbak, teilak eta zigarrotxoak, pastak, xaxuak, eta antzekoak jarriko dituzte salgai, Trianguloko postuan.
Saizarrek ere, tradizioa
Iurre auzoko Saizar gozotegikoek ere, Eceizaren bide beretik, urteroko eskaintza egingo dute Tolosa Goxua azokan, arduradunak azaldu duenez: «Pasteltxoak, kruxpetak, santuen hezurtxoak nahiz teilak eta zigarrotxoak izango dira gure postuan».
Bonboiak, Gorostiren eskutik
Gorosti gozotegiak, kruxpetez eta santuen hezurtxoez gain, pastel handiak eta txikiak salgai izango ditu azoka bereziko postuan. Hala ere, bonboiak izango dira Gorostiren berezitasunik nabarmenena.
Pantxineta eta errege opila
Azkenik, Gozona Ibañez gozotegiak ere bere produktu tradizionalak eskainiko ditu. Hauek ere izango dituzte betiko gozoak, baina azokako beren berezitasunak tartez gain, pantxinetak eta errege opilak izango dira. Errege opilei dagokienez, bete gabekoak, kremazkoak eta esnegainezkoak izango dira aukeran.