Zortzigarren urtez antolatu du Gainditzenek, Tolosaldea-Goierriko pertsona gorren elkarteak, Sentsibilizazio Astea. Urtero bezala, San Frantzisko kalean panel batzuk jarri dituzte, gorrek egunerokotasunean izaten dituzten komunikazio oztopoak erakusteko. Horrez gain, berritasun gisa, kultur etxetik zintzilik oihal batzuk jarri dituzte, gai berdinaren inguruan. Bertan gorriz irudikatzen dira pertsona gorrak.
«Gure asmoa jendearengan eragitea da», azaldu du Gainditzen elkarteko Julian Rodriguez kideak. Eta badirudi pixkana lortzen ari direla: «Egun hauetako batean, nire emaztearekin San Frantziskon nengoela, jendea kartelak begiratzen ari zirela ikusi nuen. Pixkana jende gehiago gerturatu zen karteletara eta ilara txiki batzuk sortu ziren, bertan jartzen zuenari buruz hitz egiten. Oso positiboa irutzen zait hori, horrek esan nahi baitu erakusketa eragina izaten ari dela gizartean».
Kartelek erakusten dute, esaterako, medikuarengana joaterakoan gorrek izaten dituzten arazoak, ez baitituzte ulertzen. Eta baita udaletxera joaten direnean, hitzaldi batera joaten direnean,... «Edozein leku publikora edo pribatura joaterakoan, entzuten dutenak komunikatzen diren lekuetan ni ezin naiz komunikatu, eta gainera ez da itzultzailerik izaten», esan du Rodriguezek.
Garapen pertsonala
Gainditzeneko kidearen esanetan, «jendeak uste du ondo bizi garela, baina ikusten ez den ezintasun bat dago hor. Ez da ikusten, baina benetan asko sufritzen dugu, inkomunikazioa sufritzen dugulako». Lanari dagokionez, gorrek bidaltzen dituzten curriculumak enpresa gehienetan bota egiten dituztela esan du: «Azkenean, non lan egiten dute gorrek? Ezintasuna dutenentzako enpresetan. Eta hori ez zaigu gustatzen, horrela ezin baitugu gure burua garatu. Gure bizitzan zehar ez dugu izan zeinuen hizkuntza jakin duten irakaslerik. Ez ditugu izan itzultzailerik. Ikasi ahal izan dugu, gure esfortzuaren bidez, eta, gero, lana bilatzerakoan, azkenean ezinduentzako enpresetan amaitzen dugu».
Gauzak asko aldatu direla eta egun eskoletan eta unibertsitateetan itzultzaileak daudela dio Rodriguezek. «Gure egoera hobetzeko lanean jarraituko dugu, eta horren adibide da antolatu dugun Sentsibilizazio Astea».
Lan boluntarioa egiten dute Gainditzenen, eta baliabide gehiago eskatzen dituzte. «Ez dugu baliabiderik», esaten du Rodriguezek. «Itzultzailea behar dugu lan egiteko, eta bakarrik Sentsibilizazio Astea eta Film Laburren Jaialdia prestatzeko izaten dugu. Eusko Jaurlaritzari eta Foru Aldundiari eskatu diogu, baina ez digute ezer ematen. Eskubiderik ez bagenu bezala sentitzen gara».
Ekitaldiz betetako eguna
Sentsibilizazio Astearen baitan, egun nagusia bihar izango da. Hasteko, gorren eta entzuten dutenen arteko estropada egingo da. Ondoren, Gipuzkoako Gorren Elkarteari, bere 50. urteurrenean omenaldia egingo zaio.
Arratsaldean, Leidor aretoa izango da elkargunea. Elixir Films-en ikus-entzunezkoa emango da. Tailer bat egin zen bertan, pertsona itsuekin eta gorrekin. Itsuek audioa landu zuten eta gorrek irudiak. Film labur bat egin zen eta hori erakutsiko da. Horren ondoren, Gipuzkoako Gorren Elkarteari buruzko bideo bat emango da. Eguna amaitzeko, Madrilgo El Grito antzerki taldeak zeinu hizkuntzen bidez El metodo Gronholm antzezlana taularatuko du. Itzultzaile bat izango da zeinu hizkuntza ezagutzen ez dutenentzat.
Film laburren jaialdia
Behin Sentsibilizazio Astea amaituta, hurrengo ekimena azaroaren 11n eta 12an izango da: Zeinuen Hizkuntzan egindako Nazioarteko II.go Film Laburren Jaialdia izango da. Mundu mailan horrelako jaialdi gutxi daude, eta horietako bat Tolosan egiten da. Azaroaren 11n, hainbat eskoletako haur gorrak Donostiara joango dira, eta Gipuzkoako Gorren Elkartearen egoitzan zeinu hizkuntzan egindako film laburrak ikusiko dituzte. «Adin horretan ezberdin sentitzen dira eta zeinuen hizkuntzan film laburrak ikustea aberatsa izango da beraientzat, identifikatuta sentituko direlako», dio Rodriguezek. Egun horretan, arratsaldean dokumental bat ikusteko aukera izango da Tolosan, baina ez dakite oraindik non izango den.
Azaroaren 12an izango da film laburren jaialdia. Egun guztian zehar izango da, guztira 18 proiekzio. Bukaeran sari banaketa egingo da. Jaialdirako sarrerak salgai daude www.gainditzen.com webgunean. Dagoeneko 200 sarrera saldu dituzte. «Zeinu hizkuntza ez dakitenei ere gonbidapena luzatzen diegu», zehaztu du Rodriguezek.
Egitaraua
Urriak 22, larunbata
11:00. Adiskidetasuneko traineru estropada Oria ibaian. Ondoren, txistorra eta Isastegi sagardotegiko sagardoa banatuko da.
12:00. Omenaldia Gipuzkoako Gorren Elkarteari. Besteak beste, Izaskun elkartean bazkaria egingo dute.
18:00. Elixir Films-en ikusentzunezko lantegiari buruzko dokumentala Leidor aretoan. Ondoren, omenaldia Gipuzkoako Gorren Elkarteari, bere historiaren gaineko bideoa proiektatuz.
19:00. El Grito taldearen El metodo de Gronholm zeinu hizkuntzan egindako antzezlana Leidor aretoan.
Erakusketak
Urriaren 23a arte. San Frantzisko etorbidean eta kultur etxean, gorrek dituzten komunikazio trabei buruzko erakusketa.
Azaroaren 12a arte. Jose Enrike Zeberio eta Jon Balentziaga artisten erakusketa Aranburu jauregian.