Tolosako Udaleko EAJ-PNVko taldeak, Voith-Gorostidiko etxebizitzek azken asteotan sortu duten hika-mikari erantzun dio. Besteak beste, aipaturiko urbanizazio proiektua legearen barruan dagoela, eta ezker abertzaleak ez duela helegiterik aurkeztu nabarmendu dute.
Lehenik eta behin, EAJ-PNVkVoith-Gorostidiko proiektua legeak babesten duela defendatu nahi izan du: «Indarrean dagoen Plan Orokorrak arautu eta babesten du Voith-Grostidi, etaez du segurtasun juridikorik behar». Modu honetara, udal gobernuak emandako argudioei erantzun nahi diete jeltzaleek, eta guztia legearen barruan dagoela berresteko, «udalak Plan Orokorra idatzi duten aitortza handiko adituen aholkuak» badituela nabarmendu dute.Era berean, Bilduk eta Aralarrek osatutako udal gobernuak hartutako erabakia dela eta, beren protestak azaldu dituzten bizilagunekin bat egin du EAJ-PNVk: «Gaur egun 550 bizilagunek sinatuak dituzte salerosketarako agiriakVoith-Gorostidin, eta bizilagun horiek baldintza batzuk medio erosi dituzte etxebizitzak». Egoera honen aurrean, «bizilagunen egonezina guztiz ulergarria» dela nabarmendu dute.
Larramendiko eremu horretan etxebizitzak egiteko ideia sortu zenez geroztik, «eragozpenak jarri dituen bakarra ezker abertzalea izan da», EAJ-PNVko udal taldearen arabera. Ezker abertzaleak epailearen aurrean obrak gelditzeko eskaera hiru aldiz egin duela azpimarratu dute jeltzaleek, eta «epaileak eskabide horiek ez ditu kontuan hartu», eurek diotenez. Ildo beretik, EAJko kideek erabat gaitzetsi dute ezker abertzaleak obrak geratu nahi izatea, eskaera hauek «bizilagun askorengan eragina izango zuela jakinik» egin zituztelako.
Lurperatzeak ekarriko lituzkeen gastuen inguruan sortutako eztabaidari buruz ere, beren iritzia azaldu nahi izan du Tolosako EAJ-PNVko udal taldeak. Horrela beraz, «gastu hori proiektuak bere gain hartua» duela azpimarratu dute, «bizilagunek beren etxebizitzak erosterakoan jarri zutelako».
Azkenik, Tolosako Udaleko EAJ-PNVko udal taldeak Bildu «aurrera begiratu beharrean atzera begira» dagoela salatu du. Bide horretan, Votih-Gorostidiko proiektua gelditzeaz gain, «Voitheko etxebizitza zaharrak botatzea, Arkaute plaza birgaitzea edota sortzen den plaza berria eraikitzea geldiaraziko ditu», jeltzaleen esanetan.
EAJ-PNVren ustez, Voith-Gorostidiko afera kontsultaren bidez auzotarren esku jartzeak «garrantzizkoa dirudi». Hala ere, adierazpena kritika batekin amaitzen dute: «Ekimen honen sinesgarritasuna zalantzan jartzen da, beraiek ados dauden proiektuek kontsultarik ez dutela behar konturatzen garenean».