Gutuna: "Eskerrak herritarrei"

tolosa 2011ko urriaren 20a

Larramendi auzoko batzarraren inguruko gutuna.

Tolosako Udalak eskerrak eman nahi dizkie Larramendi auzoko batzarrean parte hartu zuten herritar guztiei.

Pozgarria izan zen pleno aretoa, aspaldian ez bezala, leporaino herritarrez betea ikustea, inoiz baino gehiago herriaren boteregune bihurtua; pozgarria izan zen herritarren parte hartzea eta iritzi ezberdinen trukatzea, bai Udalaren jardunaren aldekoak, baita kritikoak ere.

Azken batean, horretarako daude udal arduradunak, herriaren iritzia entzuteko, aldeko zein aurkako izan, betiere errespetuz eta begirunez adierazita. Oro har, hala izan zela deritzogu.

Gure ustez, zoriontzekoa izan zen guztion artean egin genuen ariketa. Izan ere, ez gaude horrelako prozesuetara ohituak, eta jakitun gara guztiok dugula asko ikasteko eta hobetzeko. Udalak beste inork baino gehiago.

Hala ere, hasieratik esan dugun bezala, Udalaren konpromisoa herritarrak, eta kasu honetan auzotarren hitza errespetatzea izango da. Era horretan, etorkizunean egingo diren deialdietara gerturatzeko, parte hartzeko gonbita luzatzen dugu lerro hauen bidez. Ibiliaren ibiliz asko dugulako ikasi eta egiteko. Etorkizuneko Tolosaren eraikuntzan denok dugulako zer esana.

Tolosako Udal Gobernua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!