Gutuna: "Asteburu zirraragarria"

tolosa 2011ko urriaren 20a

Enrique Azurzak bere azken kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean, Hodeiertzeko zuzendari bezala.

Pasa den asteburuan kontzertu berezi eta esanguratsuenetako bat izan zuen Hodeiertz Abesbatzak.

Giro paregabean, eta beste bi abesbatza lagun genituela, 26 urtetan gure zuzendaria izan den Enrique Azurzak azkenekoz zuzendu gintuen, aldi baterako uzten baikaitu bere ibilbide profesionalean etapa berri bati ekiteko. Lerro hauetatik zorterik oparoena zuretzat Enrique, Kantabriako Abesbatza Lirikoko zuzendari lan berri horretan.

Gainera, guretzat hain momentu berezia izan dena beste bi abesbatzarekin elkarbanatu ahal izan dugu: Xabier Sarasola lagunminak zuzendutako Beasaingo Loinaz abesbatzarekin, eta Juan Pablo de Juanen gidaritzapean aritu zen Madrilgo Coro de Voces Graves abesbatzarekin. Ezin genezakeen agur-kontzertu perfektuagorik eskatu! Eta borobiltzeko, guretzat hain esanguratsua den marko batean: Tolosako Abesbatza-Lehiaketa iragartzen duen Topaketako kontzertuan alajaina!

Asteburu ahaztezina, eta ezin hobea, gure Enrique maiteari gero arte esateko.

Mila esker Hodeiertzi eman diozun guztiagatik, eta hain gora eramateagatik. Zuk egin gaituzu eta zuri zor dizugu.

Gaurtik aurrera aro berri bati hasiera ematen dio Hodeiertz Abesbatzak Jorge Apodacaren zuzendaritzapean. Ongi etorri Jorge!

Hodeiertz abesbatza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!