Tolosako Orfeoia Bruselan izan berri da, Europako Batasunean EAEko ordezkaritzaren 25. urteurrenean kontzertua eskainiz. Wolubilis kultur etxean egin zuten emanaldia, eta Orfeoitik azaldu dutenez, «parte hartzaile guztien oroimenean geratuko da». Besteak beste, euskal abestiak kantatu zituzten eta horrek «Euskadi gertuago sentiarazi zien» entzuten zeuden euskaldunei.
Patxi Lopez lehendakaria izan zen ekitaldiaren buru. Kontzertuan laurehun bat gonbidatu egon ziren eta, haien artean, Marta Marin Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria Bruselan, Bernabe Unda Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea, Joaquin Almunia Europako komisarioa, euskal europarlamentariak eta Belgikako hiriburuan bizi diren euskaldunak.
Kontzertua Ignacio Ruiz de Alegriak zuzendu zuen eta instrumentu jotzaile hauek jardun zuten: Javier Perez Azpeitia (pianoa) eta Ana Belen Garcia (harmoniuma). Bestetik, abeslari bakarlari hauek kantatu zuten: Amaya Arberas (sopranoa), Juan Noval (tenorea), Beatriz de Galvez (kontraltoa) eta Pablo Garcia (baxua). Rossiniren Petite messe solennelle interpretatu zuten. Ondoren, hiru musikari tolosarren parte hartzea izan zen: Iñigo Agirre (gitarra), Juanjo Falcon (baxu elektrikoa) eta Mitxel Longaron (bateria). Euskal kantu ezagun batzuk interpretatu zituzten, Enrique Ugartek orkestratuta: Bagare, Lau teilatu, Oi ama Eskual Herria eta Furra-furra. Emanaldia bukatzeko, Tolosako herriaren fundazioaren 750. urteurreneko ereserkia, Enrique Ugartek konposatua Karlos Linazasororen hitzekin, entzun zen. «Dudarik gabe, errezitaldiaren bigarren atala gogo handi eta beroz bizi izan zen, euskal kulturarekin harremanetan jartzea ekarri baitzuen», azaldu dute Orfeoikoek.
Ekitaldia amaitzeko, Lopez lehendakariak harrera jaia eskaini zien Wolubilisen Bruselan bizi diren euskaldunei eta ordezkari politikoei. «Oso elkartze hunkigarria izan zen, giro adeitsu eta herrikoian eta protokolorik gabe», esan dute Orfeoikoek. «Une zirraragarriak bizi izan ziren, inguru kuttunean, eta Orfeoikoekin batera hainbat eta hainbat abesti kantatu zituzten modu jator eta espontaneoan, bildutako jendearen eskariz».