Gutuna: "Partaidetza eta gardentasunaren izenean"

tolosa 2011ko urriaren 19a

Tolosako auzoen eta udalaren arteko batzordeetako bilerak abian dira dagoeneko. Auzoek ezingo lukete geldiunerik ulertu, ez ulertu ezta merezi ere, dagoena dagoela udaletxean. Gure asmoa batzordeetan parte hartzen jarraitzea zen. Auzotar askorekin hitz egin dugu eta benetan pentsatzen dugu hasitako bidearen jarraipena egiteko gure laguntza, ezinbestekoa ez, baina lagungarria izan zitekeela dudarik gabe.

Horrela adierazi genion auzoetako zinegotzi arduradunari gure ikuspuntua: auzoei dagokienez, laguntzeko, ekimenetan parte hartzeko, dauden arazoei elkarrekin irtenbideak bilatzeko, auzotarrekin batera, orain arte bezela, elkarlanean estu. Batzuetan erabat ados eta besteetan desadostasunak gaindituz eta akordioetara iritsiz.

Gure harridurarako bere erantzuna zera izan zen: “Erabaki dugu gobernuan gaudenok bakarrik parte hartuko dugula bileretan”. Beraz ukatu egin digute bileretan parte hartzea, partaidetza eta gardentasunaren izenean. Orain arte Tolosako Udalak ez dio inori aterik itxi. Hara non, partaidetzaz hizketan aho bete hortz dabiltzanak, oposizioko talde handienari ateak itxiz dabiltza. Ez da hau izan orain arte udalak izan duen jarrera, inola ere.

Tolosako udalak, historikoki zor handia izan du bere landa auzoekin, eta zor hori oraindik ere ez da kitatu. Aurreko legeladietan zor hori murrizten saiatu ginen: errealitatearen diagnosia egin eta helburu zehatzak markatzen. Aurrerapauso handiak egin dira auzoak eta udala elkarlanean arituz. Aurreko udalak apustu garrantzitsua egin zuen gure auzoen alde, eta auzotarrek horri erantzunez, gogor lan egin dute  auzoko biziberritze lanetan.

Lerro hauen bidez eskertu nahi dut bizilagunek eginiko lan guztia; bizitza pertsonalari kendu dioten denbora guztia, muxutruk eta ilusioz, auzotarren alde lan egiteko. Ez da makala izan egindakoa eta lortutakoa. Arlo pertsonalean egindako lanaz gain, egin ditugun harreman pertsonalak guretzako geratzen dira. Biziki gustora ibili gara lanean eta tarteka lagun taldea osatzea lortu dugula ere uste dut.Bileretan parte hartzen ez utzi arren, bileretako aktak jasotzea ezin digute ukatu, beraz gaiak jarraituko ditugu. Plenoetan eta aukera dugun guztietan ere indarra egiten jarraituko dugu Tolosako auzoek merezi duten arreta izateko. Beraz edozertarako hemen gauzkazue, udaletxean, laguntzeko eta bultzatzeko. Auzoekin zerikusia duten ekimen guztietan parte hartuko dugu eta gure babesa izaten jarraituko duzue. Mila-mila esker denoi eta hurrengora arte .

Olatz Peon. EAJko zinegotzia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!