Sekula ez omen da berandu izaten gauza berriak ezagutu eta ikasteko. Udaberri dantza taldeak, bide horretan, laugarren urtez antolatu ditu helduei zuzendutako dantza ikastaroak.
Taldeko kideek plazako dantzak jendarteratzeko helburuarekin, 2008-2009 ikasturtean helduei begirako ikastaroak berriro antolatzea erabaki zuten, denbora luzez geldirik egon ondoren: «Ohartu ginen plazetan dantzan egiteko ohitura galtzen ari zela eta hori gertatzeko arrazoietako bat ezjakintasuna zela», diote arduradunek. Horrela beraz, Erromeriako edo plazako dantzak irakastera bideratuta daude ikastaro hauek, hala nola fandango eta arin-arinak, larrain dantza, Lantzeko inauteria, eta abar.
Azarotik aurrera martxan
Ikasturte honi dagokionez, dantza ikastaroa azaroan hasiko da. Zehazki, datorren azaroaren 3an izango dute hitzordua,ostegunez, dantza taldeak entsegu-lokal bezala erabiltzen duen Usabal kiroldegiko gelan.
Helduen dantza ikastaroko saioak ordu betekoak izaten dira, eta ostegunero biltzen dira, 20:30etik 21:30era bitarte. Aste Santuetako oporraldiaren ondorne, ordea, eguna aldatzen dute astearteetara pasaz; izan ere, Udaberriko dantzariek sanjoanetako Bordondantza entseguak izaten dituzte.
Ikastaroan izena eman nahi dutenek, hilabetean 10 euroko kuota ordaindu beharko dute; ikasleak direnek, berriz, 5 euro. Izena emateko, dantza taldeak duen www.udaberri.com web orrian sartu besterik ez da egin behar; bertan, ikastaroari buruzko berria agertuko da, eta datu batzuk sartu beharko dira.
Ikastaro hauetan izena emateko azken eguna, azaroaren 2a izango da.
«Lotsa galtzen ere ikasten da, dantzarako pausoak ikasteaz gain»
Irati Artutxa (Tolosa, 1989) Udaberriko dantzaria da, eta azken hiruzpalau urteotan, helduentzako dantza ikastaroetako irakaslea izan da.
Zenbagarren urtez antolatuko dituzue helduentzako dantza ikastaroak?
Aurtengoa laugarren ikasturtea izango da. Gogo handiz prestatzen ditugu ikastaro hauek, eta urtetik urtera jende gehiago animatzen da dantzara.
Zein da ikastaro hauen helburu nagusia?
Helburu nagusietako bat, jendeari Fandangoa eta Arin-arina erakustea da, plazetan eta erromeria giroan dantza hauek egin ahal izateko. Hala ere, ez ditugu Fandangoa eta Arin-arina soilik irakasten; Eguberrien ondoren, Larrain dantzarekin hasten gara, Apirila inguruan Udaberriko kideok erromeria antolatzen dugu, eta helduen ikastaroetako kideek erromeria horretan parte hartzea izaten da helburuetako beste bat; bertan, gurekin eta erromerira bertaratutakoekin dantza egiten dute, kalejiran eta danztaldian bertan.
Helduak gogotsu aritzen al dira dantza ikasterakoan?
Jendea gogo handiz etortzen da ikastera. Denetik egoten da; batzuek erraztasun handiagoa izaten dute pausoak ikasterakoan, besteek baino. Hala ere, nire ustez haurrei eta gaztetxoei dantzak irakastea baino errazagoa da helduekin aritzea. Izan ere, umeak aspertu egiten dira pausoak errepikatzen badizkiezu. Helduek, berriz, nahiago izaten dute pausoak eta dantzak errepikatzea, hauek ondo barneratzeko.
Zein izaten da ikasleen adinaren batazbestekoa?
Ba egia esan, ez dakit zehazki. 14 urtetik gorako jendeari luzatzen diogu gonbita, eta 14 urtetik 20 urtera bitarteko gazteek izena ematen duten arren, gehiago izaten dira 25 urtetik 50 urtera bitartekoak.
Askotan jendeak lotsa izaten du dantzarako. Zer esango zenioke izena eman nahi duen, baina egoera horretan dagoen jendeari?
Animatu egingo nituzke gure dantzak ikastera, ,noski. Oso esperientzia atsegina izaten da, eta gure artean ere oso ondo pasatzen dugu. Talde ederra osatzen dugu, eta lotsa guztiak ahaztu egiten dira; azken finean, lotsa galtzen ere ikasten da.
Aurtengo ikasturterako berrikuntzarik prestatu al duzue?
Urtero-urtero planteamendu bertsua izaten dugu dantzei dagokienez. Eguberriak iritsi arte Fandangoa eta Arin-arina lantzen ditugu, eta gero hasten gara Larrain dantzarekin, aipatu bezala. Hala ere, aurten plazako dantza gehiago irakatsiko dizkiegu ikasleei, aurreko urteetan ere etorri izan direnek pauso berriak ikas ditzaten: Zazpi jauziak, polkaren bat edo beste, eta abar. Gainera, Fandangoa eta Arin-Arina dakienak, Eguberrien ondoren izena eman dezakela aipatzekoa da, gainerako dantzak ikasteko.