Indarkeria sexistari buruzko bi ikuspegi, Berdintasunaren Aldeko II. Astean

tolosa 2011ko urriaren 17a

Berdinbide elkarteak eta Tolosako Udaleko Berdintasun atalak bigarren urtez antolatu dute Berdintasunaren Aldeko Astea. Indarkeria matxistaren inguruan, bi ikuspegi jorratzen ari dira. Alde batetik, indarkeria jaso dutenen emakumeei talde atentzioa emateari buruzkoa. Bestetik, esku-hartze psikologikoa gizonezko erasotzaileekin. Horrez gain, Egipton emakumeek bizi duten egoera erakusten duen Kairoko emakumeak filma ikusi ahalko da. Berdintasunaren Astearen aurkezpenean, Edurne Mendia Kultura zinegotzia, Josebe Iturrioz Berdintasun teknikaria eta Jesus Maria Penilla Berdinbide elkarteko kidea izan ziren.

Egitarauko ekitaldietako bat bi egunetan izango da. Taldeko atentzioa indarkeriatik bizirik iraun duten emakumeekin izena du tailerrak eta Las Dignas mugimenduko Dinora Aguiñadak dinamizatuko du. Gaur izan da lehen saioa, eta etzi, asteazkena, izango da bigarrena, udaletxean, 18:00etatik 21:00etara.

El Salvadorren sortu zen Las Dignas mugimendua. Bertan egindako lanaren berri emango du Aguiñadak. Indarkeria matxistaren inguruan, emakumeen lan taldeei eman diete lehentasuna, eta emaitzak oso onak izan dira. «Hemen, Euskal Herrian, oso gutxitan osatzen dira emakumeen taldeak indarkeria matxistari aurre egiteko, beraz asko daukagu beste herri batzuen praktiketatik ikasteko», azaldu dute antolatzaileek.

Gaur arratsaldeko ekitaldian Esku-hartze psikologikoa tratu txarrak ematen dituzten gizonekin gaia jorratuko dute. Javier Madina piskologoa izango da hizlaria. Bi zati izango ditu. «Lehen zatian gizonezkoen indarkeriaren arrazoi posibleak aipatzen dira: gu bizi garen gizarte patriarkalaren funtsezko papera, eta kontrolatu zein deuseztatzeko indarkeriak dakarren errefortzua», esan dute. «Alde batera uzten da emakumeen aurkako indarkeriaren jatorria buruko gaitzetan duelako ideia, eta azaldu egiten da zein den substantziekiko mendekotasunaren papera indarkeriazko jokabidearen eragile eta larrigarri gisa». Horrez gain, gizon erasotzaile askok dituzten nortasun ezaugarri nagusiak deskribatuko dira hitzaldian.

Bigarren zatian aztertu egiten da tratu txarrak ematen dituzten gizonekiko eskuhartze psikologikoa. «Hertsapenezko/ezinbestezko terapiaren baldintza partikularrak deskribatuko dira. Bestalde, tratamenduaren zenbait alderdi garrantzitsuren berri ematen da», gaineratu dute.

Azkeneko ekitaldia Yousry Nasrallah zuzendariaren Kairoko emakumeak filma izango da. Ostegunean emango dute, zine klubaren saioarekin bat eginez, Leidor aretoan. Bi emanaldi izango dira, 19:00etan eta 21:45ean. Lehenengo saioaren ondoren, solasaldia izango da. Filma Jesus Maria Penillak aurkeztuko du. Melodrama politikoaren eta pertsonalaren arteko bide erdian dago Kairoko emakumeak. «Emakumearen indarra aldarrikatzen du, Egiptoko zineman, izan ere, beti bestearen mende edo apaingarri gisa agertu izan baita», diote antolatzaileek. «Argumentuan zenbait istorio gurutzatzen dira funtseko galdera baten inguruan: zer lekutan geratzen da maitasuna, negozioak tartean sartzen direnean? Gainera, Kairoko gizarte-maila guztien erretratua azaltzen da azpian». Zinema salatzailea, konprometitua eta su-piztailea da. «Filmak dinamika onartezin bat salatzen du, arbasoetatik jasotako errealitate zaharkitu baten berri ematean», gaineratu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!