Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa eta Europako Sari Nagusia eskutik hartuta

tolosa 2011ko urriaren 17a

 

Berezitasun batekin datorkigu aurtengo Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa, beraren baitan Europako Sari Nagusia ospatuko dela, hain justu. Azpimarratzeko beste ezaugarria krisia da, beste urte batez bere eraginpean gauzatuko baita ekimena. Hori da, gainera, bai Abesbatza Lehiaketa bai eta Sari Nagusia elkartzearen arrazoia, «gastuak murriztea lortzeko». Urriaren 29tik azaroaren 5era bitarte hartuko ditu Tolosak herrialdeen arteko estilo, interpretazio edota abesbatza literatura trukatzea eta Euskal Herriko musika tradizioa eta kultura ezagutzera ematea helburu duten bi ekimenak.

43. Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan 12 herrialdetatik etorritako 19 abesbatzak hartuko dute parte. Horietatik bat izango da euskalduna, Errenteriako Landarbaso abestatza. Honen emanaldia hilaren 30ean izango da, Leidor aretoan, 16:00etan. Errenteriarrak ahots nahasien sailean lehiatuko dira, beste zazpi abesbatzarekin batera. Ahots taldeetan bost abesbatza ariko dira, eta haur abesbatzetan, berriz, sei.

Lehiaketa fasea urriaren 29tik 31ra izango da, eta sari banaketa ekitaldia azaroaren 1ean egingo dute. Sari Nagusia eskuratzen duen abesbatzak datorren urtean Maribor-en (Eslovenia) izango den Europako Sari Nagusian aritzeko txartela lortuko du.

Ohi bezala, epaimahaiak izango du abesbatzarik onena aukeratzeko ardura. Francesco Luisi, Irena Kolarova, Miklos Csemiczky,Peter Broadvent, Ursa Lah, Enrike Azurza eta Xabier Sarasolak osatzen dute, azken hau delarik lehendakaria.

Bestalde, abesbatzen musika tolosarrei ezezik beste hainbat herrira zabaltzeko helburua mantentzen dute, eta horretarako laurogei kontzertu inguruk osaturiko zirkuitua antolatu dute.

Sarreren salmentari dagokienez, urteroko harrera ona izaten ari da, eta horren adierazle, abonuak agortu direla dagoeneko. Gainerako sarrerak Servikutxan nahiz Leidorreko leihatilan eskuratu ahalko dira.

Europako ahotsik onenak

Europako Sari Nagusian Tolosako Kup taldea lehiatuko da. Pasa den urteko Tours-eko lehiaketa irabazi ostean lortu zuten bertan aritzeko txartela. Beraiekin batera, beste lau abesbatza neurtuko dira azaroaren 5ean.

Bestalde, Abesbatzen Topaketa egin dute asteburuan Tolosan, herriko Hodeiertz koruaren parte hartzearekin. San Frantzisko elizan bildutako jendetzak maila handiko saioaz gozatu zuen.

Ana Arretxe Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakaria

«Ez da lehendabiziko krisia, eta ez da azkenekoa izango»

Tolosako Ekinbide Etxeak antolatzen duen Abesbatza Lehiaketak krisiaren ondorioz diru laguntza txikiagoa izan du aurten. Dena den, Ana Arretxe TEEko lehendakariak dioenez, «lehiaketaren kalitatea beste urteetakoaren parean mantentzen da».

Zer nabarmenduko zenuke Lehiaketaz eta Sari Nagusiaz?

Oso garrantzitsua da bertako abesbatza batek Europako Sari Nagusian parte hartzea, bertan lehiatze hutsa saria baita. Abesbatza Lehiaketan, berriz, Landarbaso abesbatza azpimarratuko nuke. Bi gipuzkoar koru hor egotea ez da nolanahikoa.

Krisia darabilzue aurten ere ahoan?

Aurten gertatu zaiguna da bi ekimenak elkartu zaizkigula, hau da, Lehiaketa eta Sari Nagusia. Gastua, beraz, handiagoa da. Horregatik, gastu hori murrizte aldera elkartu egin ditugu. Bestalde, Abesbatza Lehiaketarako diru laguntza murriztu egin zaigu, eta Sari Nagusikoa ez dago ziurtatuta oraindik, baina badakigu bajuagoa izango dela. Gure helburua ahal dugun gehien aurrezten saiatzea izaten da, kalitatea bermatze aldera.

Murrizketa hauek lehiaketa arriskuan jar al dezakete?

43 urte ditu lehiaketak. Hau ez da lehenengo krisia, eta ez da azkena izango. Besteak pasa ditugu, eta hau ere pasako da. Baikortasunez hartu behar dira gauza hauek.

Tolosarrek ba al dute Europako Saria Nagusia eskuratzeko aukera?

Denek dute aukera. Bertara iristea saria da. Gainera, lehiaketa honetan ez da jakiten nor geratu den bigarren, eta nor hirugarren. Irabazlearen izena ematen da jakitera, eta besteak finalista bezala geratzen dira.

Krisia izan arren, urtero bezala, harrera ona izaten ari da sarreren salmenta.

Bai, hala da. Abonuak primeran saldu dira, eta beti bezala, haur abesbatzen emanaldien salmenat onak errepikatuko dira. Euskaldunen emanaldirako sarrerak ere oso ondo salduko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!