Errepidean eta autoan ere euskaraz

tolosa 2011ko urriaren 13a

Tolosako bi autoeskoletan gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera eskaintzen dute. Gaztelerazkoak arrakasta handiagoa duen arren, gero eta jende gehiago saiatzen da errepideko arauak euskaraz ikasten

Nola erabili behar dira glorieta, carril de aceleración edo estacionar bezalako hitzak euskaraz? Gidabaimena ateratzeko garaian, nahiz errepidean, gaztelera izan ohi da nagusi. Tolosako bi autoeskoletan, ordea, gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera eskaintzen dute.

Solozabal autoeskola da bata. Gipuzkoa osoko herrietan irakasten ditu errepideko legeak autoeskola honek, eta euren kasuan, autoeskolatik bertatik sortu zen gidabaimena euskaraz ateratzearen ideia. Euskarazko informatika programa bat dutela azaldu du  arduradunak, eta programa hori osatzerako orduan, zenbait udaletako euskara batzordeen laguntza jaso dute. Informatikoaz gain, Solozabalen betikoa den paperezko euskarria ere erabiltzen dute gidabaimenaren zati teorikoa azaltzeko.

Aipatzekoa da, DGT Espainiako Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak berak baduela euskarazko materiala. Solozabalen, DGT Espainiako Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren material honetan oinarrituta sortu dute eurena .

Tolosa Autoeskolan, berriz, duela bizpahiru urte hasi zen gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera eskaintzen, beren kontura: «Argitaletxe bat etorri zitzaigun euskarazko materiala eskainiz, eta onartu egin genuen». Proba bat egin zuten, baina ez zela ondo atera diote. Besteak beste, itzulpenak «ez ziren egokienak»; zenbaitek azterketa gainditu zuten euskaraz, baina autoeskolako arduradunen arabera, ez ziren gustura geratu.

Eusko Jaurlaritzaren eskutik

Eusko Jaurlaritzak akordio moduko bat egin du AEOL argitaletxe valentziarrarekin. Tolosa Autoeskolako arduradunak dioenez, «materiala nahiko osoa da: testak, bideoak, liburuak,...». DGT Espainiako Trafikoko Zuzendaritza

Nagusiarekin erabat adostuta egin dituzte liburuak, eta modu honetara, Tolosa Autoeskolak bigarren saiakera bat egingo du klaseak eta ikasgaiak euskaraz irakasten. Nafarroa etorbideko Solozabal autoeskolan, bi urte inguru daramatzate euskarazko eskaintzarekin, eta San Frantzisko pasealekuko Tolosan autoeskolan,berriz, uda aurretik hasi ziren bigarren saiakerarekin.

Itzulpenen menpe

Jendearen erantzunari dagokionez, aniztasuna da nagusi. Alde batetik, gero eta jende gehiagok eskatzen du gidabaimena euskaraz egitea, eta gazteak izan ohi dira gehienetan: «Jende gazteak bere ikasketak euskaraz egiten dituenez, gidabaimena euskaraz ateratzeko ere erraztasun handiagoa izaten du».

Bestalde, ordea, gidabaimena ateratzeko beharrezkoa den terminologia teknikoa izan ohi da. Tolosa autoeskolako arduradunak azaldu duen moduan, «oso euskara teknikoa da, ez da kalean erabiltzen den euskara». Sarri autoeskolako irakasleek eurek hiztegia erabili behar izaten dutela ere nabarmendu du. Honek guztiak, jendea gaztelera aukeratzera bultzatzen du, eta euskararen aukera oraindik ez da gaztelerazkoa bezain arrakastatsua.

Beharraren arabera

Zailtasunak zailtasun, arduradunek ikasleei beti eskaintzen diete gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera. Prezioari dagokionez ere, berdin ordaindu behar da gidabaimena, euskaraz ala gazteleraz egin. Eusko Jaurlaritzarekin bilerak egin eta adostasun batera iritsi aurretik, Beasaingo autoeskola batek lan handia egin zuen liburuak eta materiala euskaratzekobide horretan. Orain, berriz, euren materiala duten autoeskolez gain, euskarazko zerbitzua eskaintzen duten gainerako autoeskolek liburu bera erabiltzen dute; aipaturiko AEOL argitaletxekoa da, eta Deba Garaian itzuli dituzte gaiak, bideoak nahiz testak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!