Gutuna: "Egia eta justizia nahi dugu"

tolosa 2011ko urriaren 13a

Aste honetan beteko dira jada 28 urte, espainiar Estatuko aparatuen esku beltzenek (GAL, Galindo, Vera,...) Joxi eta Joxean desagertarazi, torturatu eta erail zituztenetik.

Azkenaldi honetan modan jartzen ari da biktimez hitz egitea, biktimak gora eta biktimak behera. Guk biktima hitza beharrean, memoria hitza ekarri nahi dugu gogora, memoriarik ez duen herriak ez omen baitu etorkizunik. Baina badago herri zahar honetan, zenbait gertaera eta zenbait biktima gogoratu nahi ez dituen jendea. 1936ko altxamendu frankistatik hasi behar da, non oraindik ere armen bidez egindako 8.000 erailketa baino gehiagoren ardura penalak eta gertaerak argitzeke dauden. Gasteizko martxoaren 3ko gertaerekin jarraitu behar da, eta, azkenik, German Rodriguezekin hasi, eta Joxi eta Joxean, Jose Luis Geresta Ttotto eta azkenekoa izan den Jon Anzaren kasuraino.

Zigorgabetasuna. 75 urte pasa dituzte zigorrik gabe. Oraindik, egia, justizia nahiz ordainak ezartzeke daude bonbardaketan eraildako eta zauritutako milaka eta milaka herritarrentzat. Berdin espetxeratutako 80.000 herritar baino gehiagorentzat edo herbesteratu behar izan zuten 200.000 herritar eta umeentzat.

Franco hilda, oinarriak jarri ziren erregimen faxistarekin aurrera jarraitzeko, Borboien eskutik. Zigorgabetasunari erreforma politikoarekin, gaizki izendatutako amnistiaren legearekin edo 1978ko konstituzioarekin eutsi zioten. Bitarte hartan, prozesuan, frankista zaleak demokrataz jantzi ziren, beren krimenak doan burutuz, inolako zigorrik ordaindu gabe. Frankismoak jarraipen bat izan zuen, eta errepresioa areagotu egin zen. Eta ez errepresioa bakarrik; gerra zikinari ere ekin zioten, AAA, BVE, ATE eta GALek. Gauza bertsua dira gaur egun ere bizitzen ari garen, eta aldarrikapenik gabe geratzen diren «inkontrolatuen» ekintzak: Jon Anzaren kasua, azkenaldian Bilduko zenbait hautetsiri nahiz ezker abertzaleko zenbait herritarri iristen ari zaizkien mehatxuak.

Azken 35 urteetan, erreformatik hona, erailketak ere ehundaka izan dira, 1.000 zauritu baino gehiago eta 20.000 atxilotu baino gehiago, hauetariko gehienak basatiki torturatuak, gainera; ahaztu gabe, espetxe politikan eta lan munduan gertatu diren urraketak garai honetan guztian.

Garaileak eta galtzaileak izatea nahi dute herri honetan. Garaipena eta pribilegioak batzuentzat, eta menperatzea eta bereizketa besteentzat. Honek horrela izaten jarraituko du, frankismoak eta estatu terrorismoak eragindako biktimen arazoari bere dimentsio osoan ekiten ez zaion bitartean.

Sufrimenduak kolorerik ez duen arren, batzuek ez dute konponbiderik nahi, eta alde bateko biktimak soilik gogoratu nahi dituzte; garaileak ditugu hauek. Beste aldean, ordea, ahanztura dago, kare biziak estalitako memoria dago, zauriak bakardadean garbitzen dituztenak daude. Hauek historiaren galtzaileak dira. Baina zauri hauek sendatzeko beharrezkoa da ez ahaztea, gogoratzea, norberaren zein besteen memoria berreskuratzea. Honegatik da garrantzitsua memoria, ez biktimarena egiteko, biktimari duintasuna emateko baizik.

Honegatik guztiagatik, gerra zikina eta errepresioa behingoz amaitzea nahi dugulako, eta gertaera ilun guztiak argitzeko egia eta justizia eskatuz, datorren bihar, urriak 14, 19:30ean, Triangulotik hasita, Gerra zikina eta errepresioa amaitu, egia eta justizia nahi dugu lelopean egingo dugun manifestazioan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Era berean, larunbatean, urriak 15, 12:00etan Benta Haundin dagoen Joxi eta Joxeanen omenezko monolitoaren aurrean egingo den lore eskaintzara ere gonbidatuta zaudete.

Mikel Zabala. Tolosako Amnistiaren Aldeko Mugimendua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!