San Esteban Auzoa XXIV. Kultur Astea ospatzen ari da. Pasa den larunbatean hasi, eta igandea bitartean estilo eta gustu guztietarako moduko ekitaldiak prestatu dituzte. Kultur Aste hau, Tolosako Udalaren laguntzarekin, Ttonttor San Esteban Auzokide Kultur Elkarteak antolatzen du.
Atzoko lasterketaren ostean, gaur, 19:00etan hasita Patata Tortilla lehiaketa egingo dute. Behin tripa beteta, 22:30ean antzerkiaz gozatzeko aukera izango da auzoan. Johny & Mery Jane antzezlana izango da, Detritus Teatrus taldeak eskainiko duena.
‘Johny&Mery Jane’ antzezlana
Maitasun istorio bat da, eta Johny eta Mery Jane bikote harrigarriak osatua. Johnyk bere barne-barneko esperientzia bat publiko egiten du, eta betirako desagertzen da ikuskizunetatik.
Mery Janek, ez du Johnyk egin dituen deklarazioen berri, eta publikoaren aurrean bakarrik aurkitzen da. Johny, bere buruarekin seguru sentitzen da. Trebea, seduzitzailea eta gozoa da. Mery Jane aldiz, Errauskineren parekoa da.
Komedia honek, gure inkontzientean dauden mitoen, heroien eta idealen erorketa irudikatzen du. Detritus Teatrus taldeak ez du barrea eragin nahi gauza serioekin, «baina barre egiten duzu, barre egin behar delako» diote.
La Pulga eta Lagunak
Ostiralean 23:00etan ikuskizun berezia izango da. Flamenkoa eta txalaparta uztartzen dituen ikuskizuna da La Pulga eta Lagunak eskainiko dutena. La Pulga ezizenez ezagutzen da Askoa Etxeberrieta. Balet klasikoa ikasten hasi zen lau urte baino ez zituela, eta harrez gero, ez da gelditu. Ondoren, Dj Bertso izango da, mundu guztia dantzan jartzeko.
Larunbatari hasiera 16:00etan emango diote. Alde batetik altxorraren bila jokoa egingo dute, eta bestetik, Mus Txapelketa egingo dute. 16:30ean, haur jolasekin jarraituko dute, eta ordu berdinean graffiti erakustaldia ere izango da. Buruhandiak eta txokolatada ez dira faltako, eta gauean kontzertua izango da.
Igandean, 09:00etan diana izango da herriko txistulariekin. 10:00etan berriz, auzoko baserrietan trikiti doinuak izango dira giroa alaitzeko. 14:00etan auzoko babarrun jatea egingo dute, eta kultur astea amaitzeko dantzaldia izango da.
San Esteban Auzoko XXIV. Kultur Astea
Urriak 13, osteguna
19:00. IX. Patata Tortilla Lehiaketa. Ondoren, luncha.
22:30. Antzerkia Detritus Teatrus taldearen eskutik: Johny & Mery Jane. Rock & Roll garaiko amodio istorio bat da.
Urriak 14, ostirala
22:30. Kontzertua: La Pulga eta Lagunak flamenkoa eta txalaparta uztartzen dituen ikuskizuna.
Ondoren. Dj Bertso, mundua dantzan.
Urriak 15, larunbata
16:00. Altxorraren bila egingo dute.
16:00. Mus Txapelketa.
16:30. Haur jolasak izango dira, eta zaldi gurdian paseoak egiteko aukera izango dute auzoan.
16:30. Graffiti erakustaldia egingo dute.
18:00. Buruhandiak aterako dira.
19:00. Txokolate jatea gerturatzen den guztiarentzat.
00:00. Karrocerias Betoño eta Mulambo perkusio taldeen kontzertua izango da.
Urriak 16, igandea
09:00. Diana herriko txistulariekin.
10:00. Trikitia joaz ibiliko dira auzoko baserrietan barrena.
11:00. Meza izango da auzoko hildakoen alde, San Frantzisko elizan.
12:00. Toka Txapelketa gizon eta emakumeentzat auzoko txarangak alaituta.
14:00. Auzokoek babarrun jatea egingo dute.
Ondoren. Dantzaldia Joxe Jabier Mendizabalen eskutik izango da.