Larramendiko errepidearen lurperatzea egingo den ala ez kezkatuta daude zenbait bizilagun

tolosa 2011ko urriaren 11

Larramendi auzoko zenbait bizilagun kezkatuta daude zonaldeak izango duen urbanizazioaren inguruan. Larramendi kalean aurreikusita dagoen lurperatzea arriskuan ikusten dute, zabaldu duten orri batean diotenez. Bere aldetik, Ibai Iriarte alkateak azaldu duenez, Voith-Gorostidi eremuko eraikitzaileekin beste proiektu bat aztertzen ari dira: «Proiektuak berme juridikoa izatea da gure asmoa, eta bizilagunek bizi kalitate hobeagoa izatea». Mahai gainean bi aukera jarri nahi ditu udalak. «Ez da ezer inposatuko, bizilagunek erabakiko dute azken emaitza», gaineratu du Iriartek.

Auzoko kale nagusia lurperatzearen alde egiten duten bizilagunek diotenez, lurperatzea agertzen zen proiektuan oinarrituta erosi zuten etxebizitza. «Guk lurperatze horrek dakartzan onurak konbentzituta erosi genuen, eta zertan geratzen gara orain, nork konpentsatuko du hori?», galdetu dute. Bestalde, udala eraikitzaileekin eztabaidatzen ari den proiektuan leudekeen baliabide berrien inguruan, bizilagun taldearen iritziz, «benetako baliabidea errepidea saihestea da, hau da, Gurutze Gorriko parkea bikoiztea eta errepidea zeharkatu behar ez izatea».

Batzarra, hilaren 18an

Bizilagun horien kezka ulertzen duela esan du alkateak, eta hilaren 18rako, 20:00etan, batzar batera deitu ditu Larramendi auzokoak, udaletxeko pleno aretoan. Bizilagun guztiak bertan parte hartzera deitu ditu, bai eremu berrian jada bizi direnak zein biziko direnak, eta baita betiko auzokideak ere.

Bigarren aukera oraindik ez dagoela itxita esan du Tolosako alkateak. «Alde batetik lurperatzea ez egitearena, eta bestetik bizilagunek zerbitzu gehiago izatea nahi da proiektu horretan», dio Iriartek.

Urbanizazioaren kostua eraikitzaileek ordaindu behar dute. «Lurperatze hori ez bada egiten, hortik aurreztuko litzatekeen diru kopuruarekin legeak eskatzen dituen zenbat baliabide bete ahalko diren eztabaidatzen ari gara», zehaztu du.  Iriartek gaineratu duenez, «bi epai daude egungo proiektuaren aurka, eta gure helburua proiektuak berme juridikoa izatea da. Legearen arabera, proiektuak gabezia batzuk ditu eta gu horiek bete nahi ditugu». Horretarako, eraikitzen ari diren eremu berriak bizilagunentzako baliabide gehiago izan behar lituzkeela dio. «Aukera zabala izan daiteke: frontoia, kultur etxea,...», azaldu du.

Bestalde, alkateak ez du uste errepidea lurperatzearen aukera egokiena denik. «Udaleko eta Foru Aldundiko teknikariek egindako txostenetan lurperatzea ez dela egokia esaten dute. Errepideari hiri arteko izaera emango lioke, eta ez herri barrukoarena», dio. «Hau da, lurperatzeak autoak herrian abiadura handian sartzea ahalbidetuko luke, eta guk ez dugu nahi hori gertatzea. Guretzako ez du errepide horrek hiri arteko tratamendua izan behar, hiri barrukoa baizik».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!