Jon Gonzalez, Bidebide Ibiza taldeko entrenatzailea
Jon Gonzalez da Bidebide Ibiza saskibaloi taldeko entrenatzailea. Gaztea izan arren, aurtengoa hirugarren denboraldia izango du. Asteburuan, Lizarran jokatu dute partida E.S. Velaz Oncinedaren aurka, eta garaipenarekin itzuli ziren etxera, markagailua 57-73an utziz.
Denboraldia garaipenekin hasi duzue. Gustura ezta?
Bigarren postuan goaz, eta lehenengo bi partidak irabaziz hasi dugu denboraldia. Nahiko garbi irabazi ditugu bi partidak, alde handiarekin, eta ondo doa. Hurrengo astean etxean lehenengo sailkatuaren aurka jokatuko dugu, eta nik uste dut partida horrek markatuko duela zein den gure tokia.
Zein da denboraldiko zuen helburua?
Gure helburua maila mantentzea da, eta zenbat eta lehenago partidak irabazi, amaiera lasaiagoa izango dugu. Aurten hogei taldeetatik sei jaitsiko dira mailaz. Hobe da hasiera ona egitea, zeren etxeko lanak amaieran egin behar baditugu, estutasunekin gauzak egitea askoz zailagoa baita. Igoera fasean sailkatuz gero, maila ziurtatua dugu. Baina jaitsiera multzoan, hamar taldeetatik sei jaitsiko dira.
Non ikusten duzu taldea?
Mugan gaudela esango nuke. Beheko fasean geratzen bagara nahiko ongi sailkatuko garela uste dut, eta goran gelditzeko justu-justu ibiliko gara.
Nola osatu duzue aurtengo taldea?
Lehengo urtetik hiru baja eduki ditugu. Horien ordez bi gazte sartu dira, eta urte batzuk bigarren taldean egon eta gero, beterano bat taldera itzuli da.
Eskualdean jendeak saskibaloia jarraitzen duela uste duzu?
Eskualdean gero eta afizio handiagoa dagoela uste dut. Jende asko etortzen da harmailetara, eta igandean ere hamabost bat lagun joan ziren Lizarrara partida ikustera. Eta harrobiari begiratuta, ia 200 ume ditugula kontuan izan da, horiek afizionatu egiten dira. Beraien lagunekin partidak ikustera etortzen dira, eta asko zabaltzen ari dela uste dut.
Gazte mailetan talde pila dituzue TAKEn.
Lehengo astean hasi ginen saskibaloi eskolarekin eta 8-12 urte bitarteko 60 umetik gora gerturatu ziren. Harrobiko taldeetan bai neska eta mutiletan talde asko ditugu. Aurten, nesketan, esaterako, nagusien mailan taldea dugu lehen aldiz. Neskak indartsu datoz, eta jarraitzeko gogoarekin.
Taldeetako kide guztiak Tolosaldekoak dira?
Bai, guztiak Tolosaldekoak dira. Gure taldean mutil bat Beasaingoa dugu, baina azken finean taldean bere osaba eta bi lehengusurekin jokatzen du eta ez dakit kanpokoa hartu daitekeen ere. Harrobiko jendea dugu, eta filosofia bezala ere ez dugu fitxaketak egitearena. Behetik datorren jendearekin osatuko dugu. Nazional mailan egoteko aukera badugu ondo, eta harrobiko jendearen maila baxuago bada, eta beherago egon behar badugu beherago egongo gara.
Kokatzen laguntzeko: lehen mailan zaudete baina futbolarekin alderatuta zein maila izango litzateke?
Gure ligan, Gipuzkoaz gain, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Errioxa daude. Ez dakit, nik futboleko hirugarren maila batekin edo konparatuko nuke gutxi gorabehera.
Hain gaztea eta entrenatzaile lanetan ari zara?
Hau nire hirugarren urtea da. 22 urterekin hartu nuen, eta orain 25 urte ditut. Urte asko zeramatzan aurrekoak eta utzi egin nahi zuen. Nik neukan titulua hartzeko. Esperientzia polita da, hala ere, haurrak errazagoa motibatzen dituzu helduak baino.