http://www.youtube.com/watch?v=H9uiWFdNUv8
Hiru hamarkada pasatu dira lehen kontzertua eman zuenetik Isidro Larrañaga Akordeoi orkestrak. 1980ean izan zen, Tolosan egindako Kilometroetan, hain justu. Ordudanik hainbat aldiz joan dira Europara, batez ere nazioarteko lehiaketetan parte hartzera, eta emaitza bikainak lortu dituzte. Oraingoan, beste erronka bat dute esku artean, eta «ilusio handiz» egiten diote aurre: hilaren 30ean kontzertua emango dute Disneyland Paris aisialdi parkeko Videopolis aretoan.
Aukeraketa prozesu bat pasatu behar izan dute kontzertua emateko. «Hasieran curriculuma bidali genuen», azaldu du Isitxo Larrañaga orkestrako zuzendariak. «Aurrera egin genuen eta irudiak bidaltzeko eskatu ziguten ondoren. Prozesu hori ere gainditu genuen eta, azkenik, entzunaldia bidaltzeko eskatu ziguten. Hortik lau egunetara baiezkoa jaso genuen».
Orkestrako partaideak ostiralero elkartzen dira Topic-eko gela batean. «Ez da erraza astero elkartzea entseguak egiteko. Gero eta emanaldi gutxiago egiten dira, eta horrelako aukera izatea ez da erraza», dio zuzendariak.
Disneyland Pariseko kontzertuak «asko motibatzen» diela azaldu dute orkestrako kideek: «Kontzertu osoa eman behar dugu. Ez da lehiaketetan bezala, horietan derrigorrez obra batzuk jo behar dira, konplexuak direnak eta akatsak erraz nabaritzeko. Emanaldi honetan guk aukeratutako obrak joko ditugu».
Saio orekatua egin nahi dute: obra errrazak eta konplexuagoak joko dituzte. «Gozatzeko kontzertua izango da, maila ona eman eta ondo pasatzeko», dio Larrañagak. Akordeoilariekin batera, teklatu-joleak eta perkusionistak ere izango dira. «Lehenengo obra Agurra izango da, eta dantzariek ere parte hartuko dute», nabarmendu dute orkestrakoek.
Emanaldia «sari gisa» hartzen dute musikariek, entseguetan egiten duten esfortzua jendeaurrean erakusteko. Eta jendeak gozatzeko, kontzertua prestatzen jarraituko dute, ostiralero.