Guztiok berdinak ez garelako

tolosa 2011ko urriaren 6a

Adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea da Atzegi. Mende erdia igaro da jada, 1960an senide talde batek elkartea sortu zuenez geroztik. Gaur egun, ildo nagusi batzuk jarraitzen ditu erakundeak, adimen urritasuna duten gizon-emakumeak gizarteratzeko lan horretan, eta guztiaren gainetik, bere gaitasun eta mugekin, pertsona jartzen dute.

Oro har, gizartearen sentsiblizazioa Atzegiren adar nagusienetarikoa da. Adimen urrikoak beren eskualdeko zati diren aldetik, integratzeko bideak eta sareak bilatzen dituzte. Era berean, hainbat kanpaina abian jartzen dituzte adimen urritasunari buruzko informazioa zabaltzeko; ezezagun izateari utzi nahi diete, eta hori lortzeko bidean, herritarrek modu naturalean hartu behar dute adimen urritasuna.

Txolarte zentruan, aisia

Atzegi elkartearen Txolarte zentruetan, adimen urritasuna duten pertsonen aisialdiaz arduratzen dira hainbat begirale bolondres, astebururo.

Larunbat arratsaldetan, hainbat jarduera antolatzen dituzte, eta gainerako herritarrekin erlazionatzen dira, hainbat jardueraren bidez, gizarteratzeko bide horretan.

Txolarte zentruaz gain, ordea, Atzegik erdi mailako laguntza behar dutenentzat hiru etxebizitza ditu Tolosan; autonomia handiagoa dutenentzako etxebizitza bat ere bada.

Tolosan, 60 familia inguru dira Atzegiko bazkide, eta 120 bat laguntzaile daude. Azken hauek, kuota ekonomiko baten bidez elkarteari laguntzen diete.

Ikasturtea hasi berri den honetan, Tolosako Txolarte zentruan begirale izateko bolondresak behar dituzte. Jada zortzi bat begirale lanean hasi diren arren, ateak zabalik izango ditu adimen urritasuna duten gizon-emakumeak lagundu nahi dituen edonork.

Familiei babesa

Atzegiren lanik garrantzitsuena, ordea, familiekin burutzen dutena da. Adimen urritasunarena gizarteratze prozesuan dagoen arazoa da, nolabait, eta eguneroko bizitzarako informazioa, laguntza eta babesa eskaintzea da elkartearen xedeetako bat.

Guraso berrien kasuan, adibidez, egoera berean egondako gurasoekin hitz egiteko aukera ematen die Atzegik, sentimenduak elkarbanatu eta esperientziak trukatzeko. Banakako bilerekin hasi, eta taldekako hitzaldiak nahiz topaketak ere antolatzen dituzte.

Bide beretik, laguntza programa baten bidez, orientatzeko informazioa eta konponbideak proposatzen dizkiete senideei; baliabideak ezagutarazteaz eta eskolaratzeko laguntzaz ere arduratzen dira.

Azkenik, adimen urritasuna duten gizon-emakumeek ere bizitza independiente bat izateko lan egiten du Atzegi elkarteak. Programa baten bitartez, bakarrik, bikotekidearekin nahiz lagunekin bizi nahi dutenei laguntzen diete; pertsona hauek autonomia handia behar izaten dute.

Atzegik duela 50 urte hasi zuen gizarteratze lana pixkanaka zabaldu da Gipuzkoan, eta pasa den urtarrilean 1.924 familiek osatzen zuten elkartea. Horrez gain, 2.796 laguntzailek ekonomikoki bultzada bat eman zioten adimen urritasunaren inguruko proiektu honi.

Pixkanaka, beraz, 1960an ereindako hazia ari da bere fruituak ematen. Gizarteak pertsonei lagundu nahi die, beren mugetatik harago, eta guztiok berdinak ez garelako.

«Apaltasuna eta poz handia transmititzen dizkigute»

Jennifer Calvo - Tolosako Txolarte zentruko bolondresa

Jennifer Calvo Lazkaokoa da. Larunbatero etortzen da Atzegiren Tolosako Txolarte zentrura, bertako kideen begirale bezala, eta hainbat jarduera antolatzen dituzte ikasturte osoan zehar.

Kontaiguzu bolondres moduan aritzen direnek zein jarduera burutzen dituzten.

Zortzi bat bolondres aritzen gara, eta larunbatetan elkartzen gara, 16:30etik 20:00etara. Jarduera desberdinak egiten ditugu: poteoa Tolosako kaleetan, paseo txiki bat eman, merienda egin, eta abar. Beste batzuetan eskulanak, txangoak Goierri aldera, Donostiara egun pasa,... Azaro aldean eta maiatza aldean, bi irteera berezi egiten ditugu; larunbatetik igandera bitarte joaten gara nonbaitera. Aterpetxeetan lo egiten dugu, hainbat jarduera antolatzen ditugu egun horietarako. Abdendurako ere ekitaldi berezi bat prestatzen dugu, eguberrietan. Abesti batzuk aukeratzen ditugu, eta kantatu nahiz dantzatu egiten ditugu. Iaz, adibidez, Tolosako kultur etxea utzi ziguten ekitaldia ospatzeko. Kaldereroetan ere, beraiekin batera mozorrotzen gara, eta Tolosan barrena txarangaren atzetik ibiltzen gara saltoka. Gauean, afaria egiten dugu guztiok batera.

Bolondresak arlo horretan adituak direnak edo arlo horretako ikasketak egiten dituztenak al dira?

Ba denetik dago. Nik, adibidez, Haur Hezkuntza ikasi nuen. Badira Gizarte Integrazioa ikasi dutenak ere; gehienek horrelako ikasketak egin dituzte. Hala ere, arlo horretako ikasketarik egin ez dutenak ere badira gure artean. Behin bolondres bezala, Atzegin bertan Oinarrizko Sorospen ikastaroa egiten dugu.

Begirale guztiak tolosarrak al zarete? Hala inguruko jendea ere bada?

Ni, adibidez, Lazkaoko naiz. Andoaindarrak ere badira, eta hiru tolosar daude.

Zuek adimen urritasuna dutenei laguntzeko joaten zarete, baina beraiengandik ere zerbait ikasiko duzue, ezta?

Bai, beraiek ere gauza asko aportatzen dizkigute. Asko ikasten dugu eurekin; batez ere apaltasuna, eta maitasuna eta poz handia ematen dute. Gu beraientzat kuadrilakoak, lagunak bezala gara; ez gaituzte begirale bezala ikusten.

Gizartea gero eta sentsiblizatuago al dago horrelako gaien inguruan? Aurrerapausorik ematen ari garela ikusten al duzu?

Bai, aurrerantz goazela uste dut. Kalean joaten garenean, 40 lagunetik gorako taldea da, eta azken finean arreta ematen du horrek, eta jendeak begiratu egiten du. Baina jendeak asko laguntzen digu, adibidez, tabernetara-eta joaten garenean.

Orain Atzegiko Txolarte zentruko bolondres izan nahi duen batek zer egin beharko luke?

Edozein larunbatetan hara joan dezakete, gu 16:30etik 20:00etara han egongo gara eta. Guztia azalduko genieke, zein ekitaldi egiten ditugun, eta abar. Eta garrantzitsuena gogoz etortzea da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!