Berdintasunaren mila aurpegiak

tolosa 2011ko urriaren 5a

Tolosagasak eta Tolargik banatzen duten egutegiaren argazki erakusketa azken egunetara iritsi da. Aranburu jauregian ikusi daitezke, larunbata arte eta 17:30etik 20:30era, epaimahaiak aukeratu dituen 40 argazkiak. Egutegian azaltzen diren irudiak argazki lehiaketa baten bitartez aukeratzen dira, eta Emakumea eta berdintasuna izan da gaia.

Argazki lehiaketan 43 lagunek parte hartu dute, 24 emakumezko eta 19 gizonezko, eta guztira 342 irudi aurkeztu dituzte. Esan bezala, Aranburun horietako 40 daude, baina ez du zertan saritu guztiak hortik atera beharrik. Hori bai, publikoaren saria horietako batek jasoko du.

Izan ere, erakusketara joaten direnek gustukoena dutenari bozka eman ahal diote.  Gainera, bozketan parte hartzen dutenen artean argazki kamera bat zozketatuko dute. Dagoeneko bisitari ugari jaso ditu erakusketak. Tolosagasa enpresako Alberto Gonzalezek azaldu duenez, «iazko erakusketa 900 lagunek bisitatu zuten. Bada zerbait, bi astetan bakarrik ikusgai egoten baita».

Gaia ez dela erraza izan esan du Gonzalezek. Iaz baino argazki gutxiago aurkeztu dira lehiaketara, 502tik 342ra jaitsi da kopurua, baina pixka bat igo da argazkilarien kopurua, 41etik 43ra.

Azaroan banatuko dute

Egutegiaren zazpi mila ale banatzen dituzte. Bi ideia finko izaten dituzte egutegiaren inguruan, Gonzalezek zehaztu duenez: «Lehenengoak izatea egutegia banatzen, eta espazio zuri asko izatea orriek, jendeak agenda gisa erabil dezan». Azaroaren erdi aldera banatuko dituzte aleak, eta horretarako Zerkausian lau egunez mahai bat jarriko dute.

Guztira hamahiru sari ematen dituzte urtero: egutegiaren azalean joango dena eta hilabete bakoitzaren orrian joango dena. Hauetako bat publikoak aukeratuko du, eta besteak epaimahaiaren esku geratuko dira, tartean sari nagusia.

Irabazleak gasaren eta argiaren urtebeteko faktura doan izango du. Beste hamabi sariak horrela banatuko dira: erdiak gasaren urtebeteko faktura doan izango du eta beste erdiak argiarena. Iaz, hamahiru sariak batuta, 7.300 euro banatu zituztela nabarmendu du Gonzalezek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!