Lehen 100 egunen jira-biran

tolosa 2011ko urriaren 5a

Udal gobernu berriak lehen 100 egunen inguruan egindako balorazioak hautsak harrotu ditu udaleko oposizioan. Herenegungo osoko bilkuran, bi orduz hizpide izan zen gaia

Joan den astearteko osoko bilkuran aniztasuna izan zen nagusi; iritzi aniztasuna. Bilduk eta Aralarrek osatutako udal gobernuak, udalean igaro dituen lehen 100 egunen inguruko txostena eta herri batzarra antolatu zuen orain dela bi aste inguru, eta oposizioak izan zuen esatekorik honen aurrean.

Ibai Iriartek txostena publiko egitearen arrazoi nagusiak aipatu zituen, eta besteak beste «herritarren ordezkariak» direnez, eta «herriarentzat lan egiten» dutenez, informazio hori publiko egitearen beharra azpimarratu zuen.

PSE-EEk, galderak eta iritziak

Honen ondoren, PSE-EEko Jose Ignacio Asensiok hartu zuen hitza: «Ez dakit zein txosten mota den, teknikariek egin duten, edo agintariek». Udal gobernuak osatutako txostenean, ‘berraztertu’ esaten den bakoitzean proiektu bat geldiarazten ari direla esan zuen Asensiok; alternatiba falta egotzi zien Bildu-Aralarko udal ordezkariei.

Horrez gain, beste hainbat galdera ere egin zizkien udal gobernuko ordezkariei, gai zehatzen inguruan. Lehenik eta behin, San Estebango planaren zehaztasunak noiz azalduko dituzten, atez ateko zabor bilketa ezarriko ote duten edo hizkuntza politikan udaleko ordenantzak errespetatzeko asmorik duten galdetu zuen PSE-EEko zinegotziak. Era berean, Abastoseko eraikinean gazteen erabilerarako aurreikusita zegoen lokalari buruz, osasun publikoaren auziaz, Berazubiko estadioaz eta 2012ko aurrekontu orokorraz ere galderak egin zituen.

Zaborraren kasuan, «Gipuzkoan nolako eztabaida dagoen badakigu», eta Bilduk eta Aralarrek, talde bezala, iritzi garbi bat azaldu behar dutela nabarmendu zuen. Era berean, osasun publikoaz ere bere iritzia eman nahi izan zuen: «Ni ere osasun publikoaren aldekoa naiz, baina ospitale publiko bat egitea ilusio hutsa da egoera honetan. Orain ez da posible, zuek esaten duzuen moduan, Asuncion publiko egitea, baina zerbitzuak bermatuko dituzte, eta gainera hiru zerbitzu berri eskainiko dituzte. Nik hau modu baikorrean hartzekoa dela uste dut».

EAJk, ikuspegi desberdina

EAJko udal taldeak prentsaurreko batean azaldu zuen joan den astean, Bilduk eta Aralarrek osatutako txostenaren inguruko iritzia. Osoko bilkuran, ordea, Jokin Azkue zinegotziak beste hainbat zehaztapen egin zituen.

Kazetariei Zerkausiko agerraldian azaldu bezala, «dokumentua oso itxia» dela nabarmendu zuen, eta «eztabaidarako tartetik ez» duela uzten. Udaleko kontuak batzordeetan eztabaidatu behar direla uste du EAJk, eta horrelako kontuak gizarteratu aurretik eztabaida bat egin behar dela: «Gardentasunean eta partaidetzan ez zarete oso txukun ibili, 3.600 bozka dituen alderdia ez baituzue kontuan hartu». Bide beretik, «berritasun bakarra abian dagoena gelditzea» dela eragotzi zieten jeltzaleek udal gobernuko kideei.

Lehen 100 egunetako balantzearen txosteneko atalik esanguratsuenetarikoa udalaren zorrarena izan zen bai Topic-eko herri batzarrena, baita ondorengo egunetan ere. Honen harira, Jokin Azkuek udalean hutsune bat badagoela onartu zuen: «Baina krisi egoera honetan ekonomiaren egoera ona da udalean. Alarmismoak zuek sortu dituzue hauteskunde kanpainatik hasita». Zorpetze maila, interes publikoa duen proiektuetarako baldin bada, ona dela nabarmendu zuen zinegotzi jeltzaleak, eta adibide gisa Usabal kiroldegia erabili zuen: «Oso harro gaude, gaur egun halako kiroldegirik ez baitago ez Euskal Herrian, ezta Espainian ere».

Azkenik, Santa Luziako eta Elosegi parkeko lur desjabetzeen inguruan aritu zen Azkue. EAJk akatsa egin zuela onartu zuen, «baina kontu hau ezker abertzalea udalean zegoen garaitik» datorrela azaldu zuen.

Emaitzak onartu beharraz

Ibai Iriarte alkateak «harrituta» azaldu zuen bere burua. Lehen 100 egunetako txostena «argazki bat» dela azaldu zuen: «Udal gobernu berriak egin du, eta maiatzaren 22ko hauteskundeek zein emaitza izan zituzten onartu behar da. Ildo desberdinak jarraituko ditugu».

Bide beretik, Iriartek zinegotzi asko berriak direla aipatu zuen, «eta gizakiak garen aldetik, denok bezala, akatsak egingo ditugu». Hala ere, oposizioak egindako kritika guztiak «fisikoki denboran, 100 egunetan, ezin direla egin» nabarmendu zuen Tolosako alkateak.

Bai PSE-EEk, eta bai EAJk, udal gobernuak proiektuak gelditu egin dituela esan zuten bilkuran. Ibai Iriartek, «gelditu den bakarra Laskoraingoikoa eremuko 1.200 etxebizitzena» dela azpimarratu zuen: «Hainbeste etxebizitzek ez dute zentzurik une honetan». Era berean, zera gaineratu zuen: «Proiektuak aurreikusitako bidetik ez gauzatzeak ez du esan nahi geldirik daudenik».

Oposizioak egindako kritikak ere «zilegi» direla azaldu zuen alkateak: «Badakit diskurtso politikoa beti zilegi dela, eta normala da, hori baita politika, ideia desberdinak izan eta eztabaidatzea. Hala ere, zirko bat ez da sortu behar honekin».

Azken hilabeteotan eskualdeko hautsak harrotu dituen osasun publikoaren aferaz ere aritu zen Ibai Iriarte. PSE-EEko Jose Ignacio Asensiok egindako galderari erantzunez, «orain arte agintean egon den udal gobernuak egin ez duen zerbait» egiten ari direla esan zuen Iriartek. Eurek eskualde osorako ospitale publiko berri bat eraikitzea nahiko luketen arren, une honetan «errealistena» Asuncion klinika publiko egitea dela uste dute eskualdeko udalek: «Lanean jarraituko dugu presioa eginez». Modu honetara, osasun publikoaren auzian PSE-EEren jarrera salatu zuen Ibai Iriartek, eta EAJk PSE-EEri jarrera horretan laguntzen diola gaineratu zuen.

Azkenik, «agian ondo erakutsi ez arren», ilusioak badituztela aldarrikatu zuen Tolosako alkateak; «bestela ez geundeke hemen».

Kritika onak ere bai

Iñaki Irazabalbeitiak Aralarko kide moduan hitz egin nahi izan zuen osoko bilkuraren amaieran.  «Azken bost urteotan ez da hemen horrelako eztabaidarik egin», azpimarratu nahi izan zuen. Honek estilo bat markatzea espero duela gehitu zuen, kritikak ere eskertu zituen.

Antton Izagirrek, berriz, entzuleen aulkitik, ezker abertzalearen izenean hitz egin zuen. Zorionak eman zizkien udal gobernuko kideei: «Bidea hau izan dadila eta haratago joan dadila. Gaur hemen gertatutako eztabaida sanoa eta oso ona da».

Antxon Bandres gogoan

Bere heriotzaren berria jaso eta aste betera, astearteko osoko bilkurak guztiek izan zuten Antxon Bandresi eskaintzeko hitzen bat. Jokin Azkuek Bandresek Tolosaren alde egindako lan handia azpimarratu nahi izan zuen, eta doluminak eman zizkion familiari. Era berean, Olatz Peon zinegotziak, erabat hunkituta nabarmendu nahi izan zuen hilberriaren gizatasuna.

Ezker abertzaleak, EAJri doluminak eman zizkion: «Geure burua Antxon Bandresen laguntzat genuen».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!