Lau eguneko jaiak antolatu dituzte aurten, Berazubi auzorako. Laugarren urtez jarraian, auzoko bi gazte kuadrilen artean antolatu dituzte auzoko festak.
Datorren ostiralean hasiko dira Berazubiko jaiak, eta asteazkenera arte luzatuko dira, urriaren 12ra arte. Ostiralean, beraz, 19:00etan txupinazoak hasiera emango die jaiei, eta bertsoari eskainiko diote iluntzea; bertso poteoaren ondoren, bertso afaria izango da. Auzoko tabernetan salgai izango dira afari txartelak.
Larunbatean, urteroko danborrada izango da ekitaldirik aipagarrienetarikoa. Ondoren, disko festa izango da goizaldera arte, eta 06:00etarako txokolatada antolatu dute.
Igandean, gastronomiaren txanda izango da paella lehiaketarekin, eta asteleheneko atsedenaldiaren ondoren, asteartean magia, reggae-a eta saltsa izango dira, besteak beste. Asteazkenean, babarrun jatearekin eta zezentxoekin amaituko dira jaiak.
«Jaiak herritar guztiei irekiak dira»
Laugarren urtez, Berazubiko jaiak auzoko lokaletako gazteek antolatuko dituzte. Aratz Garmendiak nondik norakoak azaldu dizkio Hitzari.
Duela hiruzpalau urte, bi kuadrila Berazubiko festak berpizten hasi zineten. Nolatan?
2007an antolatu genituen lehenengoz. Lokala Berazubin dugun bi gazte talde gara, eta jada baziren hiru edo lau urte, Berazubiko jaiak ospatzen ez zirela. Hor ibiltzen ginenez, eta nahiko parranda zaleak ginenez, pena ematen zigun auzoan festak ez ospatzeak. Horregatik hasi ginen.
Eta nola finantziatzen dituzue festak?
Gehienbat jartzen dugun txosnako barratik. Tolosako Udaletik ere, urtero, diru-laguntzaren bat izaten da; urteren batean ez zen izan, baina normalean zerbait jasotzen dugu jai batzordetik, edo kultura batzordetik. Honez gain, jaietara etortzen diren barraketako arduradunek, auzoan aste bete pasatzeagatik dirua ematen digute. Hiru diru iturri horiek erabiltzen ditugu gehienbat. Gainera, auzoko tabernek ere dirua eman izan digute, eta auzotarren postontzietan ere borondatea eskatu izan dugu.
Zuek festak antolatzen hasi zinetenez geroztik, nabaritu al duzue urtez urteko gorakadarik?
Egia esan, garai batean Berazubiko jaietan gaur egun baino jende gehiago ibiliko zen, ziurrenik; auzoetako festa gehienetan bezala, oro har. Guk antolatzaile lanetan hasi ginenetik desberdintasuna nabaritu dugu; lehen urteetan, bazirudien guretzako festak egin genituela, baina azken urteotan berriro ere Berazubi auzoko jaiak bilakatu direla uste dut. Izan ere, garai bateko auzoko festa batzordeko kideekin eta elkarteekin elkarlanean egiten ditugu gauzak.
Aurten lau eguneko jaiak antolatu dituzue Berazubirako. Zer nabarmenduko zenuke egitarauetik?
Esan daiteke, gazteok dena antolatzen aritzen garen arren, gure ardura nagusia gaueko festa prestatzea izaten dela. Egunean zeharreko gauzak tradizio gehiagokoak izaten dira, jada urte askotan ospatu dituzten janari txapelketa, babarrun jatea eta abar. Hauek mantentzea erabaki genuen, auzoko jendea identifikatuta sentitzen baita beti egin izan dituzten ospakizun hauekin. Aipatzekoa da, ostiral gauean bertso afaria izango dela, eta eskualdeko bertsolariek abestuko dutela. Kontzertuekin ere, beti saiatzen gara kide tolosarrak dituzten taldeak gonbidatzen. Musika jartzen, berriz, geroni aritzen gara. Asteartea ere egun polita izango da, hurrengo eguna jai eguna denez jende asko bertaratzen baita. Antolatzaileok antzerki bat egitea pentsatu dugu. Saltsa musika egiten duen talde kubatar bat izango da, eta reggae musika egiten duen beste bat ere bai.
Badirudi orain dela urte batzuk auzoetako jaiak itzaltzen hasi zirela. Orain, berriz, gazteek berpiztu dituzte jai horietako batzuk. Betiko auzotarren harrera ona hasieratik izan al zenuten?
Lehenengo urtea zailagoa izan zen, hiruzpalau urte baitzeramaten festarik antolatu gabe. Gu hasi ginenean ere, gure gisara ibili ginen, baina orain elkarlanean aritzen gara esan bezala. Beste auzoetako batzuekin ere harremana badugu, Izaskungoekin edo San Estebangoekin adibidez. Hemen aipatu nahiko nuke, auzoko festak diren arren, herritar guztientzat irekiak daudela jarduera guztiak. Bertso afarirako txartelak erosi behar dira, adibidez, baina babarrun jatera edonor etor daiteke.
Berazubiko jaiak, 2011. EGITARAUA
Urriak 7, ostirala
19:00. Txupinazoa.
19:30. Bertso poteoa.
21:00. Bertso afaria.
00:00. T.I.M (The Introsprective Mariachis), Rei Kimera, Red Veil.
02:00. Puntzaka DJ.
Urriak 8, larunbata
12:30. Tortila txapelketa sagardoarekin.
16:00. Mus txapelketa.
17:30. Ume jokoak.
18:30. Umeentzako txokolatada.
23:00. Danborrada.
19:30. Bertso poteoa.
00:00. Disko Festa, «Xabi danztaleku».
06:00 Txokolatada.
Urriak 9, igandea
09:00. Udal txistulariak.
14:00. Paella txapelketa eta bazkaria.
17:30. Zezentxoak zezen-plazan.
19:00. Bideo proiekzioa.
Urriak 11, asteartea
18:00. Txokolatada.
19:00. Jon Magic magoa.
18:00. Txokolatada.
21:30. Zahagi sagardoa.
00:00. Expreso 4, Ras Miguel & Tafari eta DJ Duboa.
Urriak 12, asteazkena
09:00. Udal txistulariak.
14:00. Babarrun jatea.
17:00. Toka txapelketa.
17:30. Zezentxoak zezen-plazan.