SAMeko enpresa batzordeak eta LAB sindikatuko ordezkariek azaldu dutenez, azken urteetan SAMek irabazi handiak izan ditu, eta aurten ere irabazi «mamitsuekin» itxiko du urtea. Euren esanetan, «hori ez zaio batere axola zuzendaritzari, bere helburuak beste batzuk baitira, langileen bizkar euren irabaziak handitzea».
Gutun azalak egiten dituen lantegiaren egoera nolakoa den azaltzeko, 2009an gertatua azaldu dute: «Zuzendaritzaren ustez, lan jaitsiera nabarmena zen, baina 385.000 euroko irabaziak izan zituen SAMek. Hori nahikoa ez, eta sei milioi euroko balioan (mila milioi pezeta) dibidenduak banatzea erabaki zuen bere akziodunen artean, langileen batzarraren iritziaren aurka. Hori ez da izan banatu duten diru bakarra, urtero-urtero banatzen baitute akziodunen artean irabazien zati garrantzitsu bat, baita aurten ere».
Testuinguru honetan kaleratu dituzte lau langileak. SAM enpresan 30 urte baino gehiago zeramatzaten lanean; langileek 49, 53, 55 eta 56 urte dituzte.
SAMeko langileen artean LAB sindikatuak bi ordezkari ditu, CCOOek bat eta independienteek bi. Mobilizazioekin guztiek egin dute bat, aurrerantzean zer gertatuko den ez baitakite ongi.
Nahi eta ezin
Tompla multinazionalak Tolosako SAMen akzioen %89a dauka. Erabakiak beraz, Tomplak Madrilen duen egoitzatik hartzen dira. 2009an, horrela gertatu zen. LABeko bi ordezkarien esanetan, irabaziak eraman ostean, jendea sobran zegoela esaten hasi ziren: «Baldintza kaxkarrean gelditu ginen. Edozer gauza egiteko, dirua eurei eskatu beharrean aurkitu ginen, eta eurek mailegu bat izango balitz bezala ematen ziguten dirua, interes batekin. Gure lanarekin lortutako irabaziak eramatean, eta enpresa deskapitalizatuta utzi zuten; ipurdia agerian genuela gelditu ginen. Ondoren, jendea soberan zegoela esaten hasi ziren: gastu pertsonala handiegia zela».
SAMek galerarik gabe jarraitzen zuen ordea, nahiz eta krisi garian egon. «Eskariak murriztu egin zirela zioten, baina gutxiago edo gehiago, beti eduki ditugu irabaziak», diote LABeko ordezkariek. Hala eta guztiz ere, langileek soldata jaitsierak, aurre jubilazioak eta enplegu erregulazioak onartu zituzten. LABeko kideen esanetan, «hori guztia egin ondoren, zuzendaritzak kaleratzeekin erantzun du».
Negoziaketak maiatzean hasi ziren: «Langileon ordezkariak Madriletik etorritako ordezkari batekin elkartu ginen, Jose Luis Goñirekin. Asanbladak negoziatzeko eskatu zigun, eta horrela egin genuen. Kaleratzeak ekiditeko, izugarrizko eskaintzak egin ditugu, eta denei ezetz esan diete», diote LABeko ordezkariek. Eskaintza horien artean, soldata %8-10 jaistea, aurre jubilazioez hitz egitea eta ordu lanekin loturiko soldaten jaitsiera aurkitzen ziren.
Enpresak ordea, dirua alde batetik eta lan taldea bestetik zihoala erantzuten zuen behin eta berriz, sindikatuko kideen esanetan. «Lau kaleratuak baina adin handiagoko jendea dago SAMen. Eurekin aurre jubilazioez hitz egiteko eskatu dugu, baina horrek alde batetik kostu altuagoa duenez, eta bestetik, laster jubilatuko direnez, nahiago izan dute lau langile kaleratzea». Espainiako gobernuak onartutako lan erreformarekin, gainera, kaleratze «oso merkeak» atera zaizkiela gaineratu dute.
Negoziaketan ibili diren langile ordezkariak, zuzendaritzaren jarrerarekin «beldurtuta», «desilusionatuta» eta etorkizunari begira «keztatuta» agertzen dira. Euren aldetik proposamenak eta proposamenak egin dituztela diote, baina erantzuna beti bera izan dela salatu dute. Horri aurre egiteko, mobilizazioak antolatzea erabaki zuten: «Alde batetik, kaleratuei elkartasuna azaltzeko, eta bestetik, etorri daitekeenaren aurrean erantzun bat prestatzen joateko». Hala eta guztiz ere, ez da erraza izan kalera ateratzea. SAM enpresako LABeko ordezkarien esanetan, zuzendaritzaren aldetik mehatxuak jasan behar izan dituzte: «Mobilizazioak egin ezkero, guretzat kaltegarriak izango zirela esaten ziguten».
Mehatxuak mehatxu, egoeraren gorriak mobilizazioetara eraman ditu SAMeko langileak, eta ondorengo egunetan egingo dituzten ekimenetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.