Gutuna: "Agur Jokin"

tolosa 2011ko urriaren 4a

Politikatik aldentzeko hartu duzun erabakiarekiko erabateko errespetua adieraztearekin batera eta zure kargu uztearen ondorioez sakontzeko inongo asmorik gabe, prentsaren bidez aditzera eman dituzun zenbait ideien gaineko gure ikuspuntua eman eta zuzenketa batzuk egin beharrean aurkitzen gara.

Ez dakigu alkatetza eskuratu ezaren ondorioz izan den, edota Madrileko Kongresurako hauteskundetarako zerrendak egiterakoan alderdiaren babes falta somatu duzulako; edonola ere, politikatik aldentzea erabaki duzu. Gure ustez ez duzu oso modu dotorean egin. Prentsa agerraldiaz baliatu zara hauteskundeak irabazi dituen eta zilegitasun osoz gobernu erantzukizunak bereganatu dituen talde politikoaren aurkako salaketak egiteko. Gobernuaren ehun egunetan pare bat aldiz besterik udaletxean agertu ez arren, nahiko izan dituzu Bilduk proiekturik , ametsik, handigurarik, edota Tolosaren aldeko interesik ez duela, handikeriaz epaitzeko. Salaketa hauek alkate ohi baten ahotan, ikuspegi politiko mugatua eta erresumina erakusten dute, erresumin handia.

Askoz egokiagoa eta duinagoa izan zitekeen, desberdintasun politikoen gainetik, umiltasun osoz, oposiziotik eta politiko arrunt gisa zure lanerako prestutasuna erakutsi izan bazenu, baina ez da horrela izan.Zuk nahiago izan duzu, zein ondo egiten jakin duzun erakutsiaz, irakasgaiak emanez alde egitea; baina, zuk gobernatu duzun udalak, zure agintaldia eta gero , 26 milioi eurotako zorra asaldagarria duela aipatzea ahaztu egin zaizu. Kezkatuta zoazela diozu baina kezkatuta egoteko benetako arrazoia dutenak bertan geratzen direnak dute, gainean dugun krisi ekonomikoan egoera zailari aurre egin behar diotenak.

Ez dugu uste gazteriarentzat eredugarria izan daitekeenik politika zirraragarria dela esanez jardutea "goian" zauden bitartean eta politikatik aldentzea postua galtzen denean.

Jokin, eskailerak bi norabideetarako eginak dira: Igo eta jaitsi egiten da. Politikook duintasunez eta dotoreziaz jaisten jakin beharko genuke, eta ez zanbuluka hauteskundeak demokratikoki irabazi dituen taldearen lana gutxietsiz. Ez al zaizu hala iruditzen?

Esandako guztiak esanda ere, Jokin, zure sokakoak ez izanagatik, jainko guztien bedeinkapena izan dezazula eta abiatu duzun ibilbide berrian desira pertsonal guztiak bete daitezela opa dizugu. Agur Jokin, oinarrizko politiko gisa, jo eta su eginkizun politikoetan aurkituko gaituzu etorkizunean ere.

Silvana Ostiza, Antton Izagirre

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!