Tolosan elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean, Abdelghaffour Bensaoularen askatasuna eskatzeko. Bensaoula astearte goizean Guardia Zibilak Legorretan atxilotu zuen, Magrebeko Al Kaedari laguntzea leporatuta. Inkomunikaturik aurkitzen da une honetan; bere senide eta lagunek ez daukate berari buruzko inongo informaziorik. Egoera hau salatzeaz gain, Abdelghaffour Bensaoularen aurkako salaketa guztiak gezurtatu nahi izan dituzte, "gizon zintzoa eta benetan bihotz onekoa" dela aldarrikatuaz, behin eta berriz. Legorretako udaletxean, atzo iluntzean osoko bilkura egin zuten. Bertan, Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zuen Udalak, eta atxilotuei «errugabetasun presuntzioa erabat alboratu» zaiela salatu zuten. Komunikabideek «gaizkile gisa» tratatu izana ere gaitzetsi zuten.
Udalbatzarrean Bensaoularen hainbat herrikide elkartu ziren, eta Goierriko nahiz Tolosaldeko musulman komunitateko kideak, tartean Tolosako mezkitako burua. Gogor zituzten atxiloketak, astearte goizaldean Legorretan, Gipuzkoan eta Nafarroan eginak.
Udalaren eta LABen arabera, Bensaoula «herritar zintzoa eta ingurukoekin solidarioa» da. LABek «langile borrokalaria» dela ere esan du, sindikatuko kide dela gehituz. Legorretako Prodeman lan egiten zuen Bensaoulak, kaleratzeen ondorioz lanpostua galdu zuen arte. Orain langabezian dagoela argitu dute ingurukoek.
Etxebizitza, «txikituta»
Legorretarra atxilotzerakoan, poliziek etxea «txikituta» utzi dietela diote lekukoek. «Emaztea eta bi alaba ditu. Irunera joan behar izan dute. Datozen egunotan laguntzaile talde bat eratuko da etxea konpontzeko», esan dute.
Inkomunikazio aldiko tratuarekin kezka agertu dute, eta egoera hori berehala kentzeko eskatu.