Hirurogeita bi urterekin alde egin digu bat-batean Antxon Bandres Zaraguetak. Hamaika kontu saio egina naiz berarekin. Argia, asko jakina, kontu esalea, alaia, mendizalea eta etxezalea, ona eta laguntzailea zen Antxon. Zenbat kontu, solas, irizpide jator eta baikor bere alboan.
Tolosako Asuncion Klinikako erradiologoa genuen. Baina medikuntzako lan ugariez gainera, herriko dinamikan sarturik zegoen horietakoa genuen Bandres: kultura, politika eta folklore arloko munduan, beti baikor eta zerbitzari.
Guztien eskubideak babesten eta aldezten zituena genuen. Inola ere ez, alde batekoen eskubideak bakarrik aldezten eta alde bateko bidegabekeriak bakarrik gaitzesten dituztenekin batera. Umeen itzala ere beti berekin zeraman horietakoa genuen, Olentzero hurbila eta maitakorra.
Lagun honek alde egin digu. Zerua ere ederragoa eta alaiagoa da, noski, geroztik. Tolosako Santa Maria parrokian hura jendetza bere hiletan. Beste askorekin batera agertu ahal izan nion nire elkartasuna.
Antxon Bandresek itzala zuen, errespetua. Maitatua zen, eta maitagarria; besteei begirunea zielako, batez ere. Historia eta Antropologian jakituna genuen, historiaren arakatzaile zintzoa, eta 36ko guda zibileko hildako ezezagunen memoria bilaketan lan asko egin zuena. Hau bezalako gizonek elkartzen gaituzte oraindik, euskaldun sakabanatuok. Badugu zer jasoa eta ikasia! Ostegun eguerdian Tolosako kanposantuko hilobiraino lagundu diot, nire bihotzean txoko bat beti izan dezan.
Aupada handi bat Marijo eta Kristian. Ez etsi eta beti aurrera. Badakit une zaila eta latza dela, baina biharrak egunsentia ekarriko du, nahiz eta ekaitza eta iluna egon. Izan itxaropen.Izan bihotz (“Requiescat in pace”: bakean dezala atseden).
Joxe Agustin Arrieta