Tolosako EAJ alderdiko zinegotziek, udalaren 100 eguneko balorazioa egin dute. Jokin Bildarratz ezik gainontzeko zinegotzi guztiak, Zerkausian elkartu dira. Bilduren aurrera begirako programan "ezer gutxi dagoela berria" adierazi dute.
Aurkeztu duen dokumentua, "zuzenean eta eztabaidarik gabe gizarteratu" dutela adierazi dute, eta "bide hau guretzat ez da onartzeko moduko prozedura" gehitu dute.
Bilduk aurkeztu duen programari "anbizioa" falta zaiola azpimarratu dute, "garai txarretan anbizio gehiago behar da. Ilusiorik eta proiektuetan berritasunik ez dugu ikusi".
Normala den bezala, lehendik datorrenaren jarraipena ari direla egiten esan dute, eta berria den bakarra, "abian jarritako proiektu estrategiko eta inportanteak" gelditu egin dituztela gehitu dute.
Krisi kontuak aipatuta, auditoria egina dagoela esan dute, eta "Tolosako Udalaren zorpetze maila %6,20koa da, hau da, Gipuzkoaren bataz bestekoaren antzekoa (%5,99) da". Eta 2011. urteko krisia, 2007. urtetik datorrela gogoratu nahi izan dute, eta udala ez dela geldirik egon: Zumalakarregi kalea, Musika Eskola berritzea, Topic, Euskal Herria plaza,...
Diru laguntzak lortzeko saiakera gehiago egin behar dela azaldu dute.
Hutsuneak ere azpimarratu dituzte: "enpleguaren sustapena, langabetuen prestakuntza, landa auzoetarako azpiegitura falta edo urte anitzeko finantza plana".