Bilduk eta Aralarrek osatutako udal gobernuak, udaleko egoera orokorraren berri eman zieten herritarrei herenegun, Topic-en antolaturiko herri batzarrean. Besteak beste, 17.184.575 euroko zorrari aurre egin ahal izateko, bi erronka proposatu dituzte: 2011ko aurrekontua ixtea eta 2012ko aurrekontua izaera soziala duten gastuetan bermatzea. Udalak burututako lur desjabetzeen ondorioz, gainera, zorra ia 27.000.000 eurora igotzen da. Hau bideratzeko, eta «behar baino gehiago larritu gabe», udalak lauzpabost urterako plan ekonomiko-finantzieroa prestatuko du, «zuhurtasunez jokatuz».
Ibai Iriartek aginte makila hartu zuenez geroztik, Bilduk eta Aralarrek «gardentasuna» lanerako ildo nagusitzat erabiliko dutela azaldu izan dute. Bide horretan, herri batzarra tolosarren parte hartzea gauzatzeko «lehen pauso» moduan ospatu dute; herritarrekin elkarbanatu dute udaleko lehen 100 egunen balantzea.
Giza baliabideak
Lore Agirre alkateordeak batzarraren aurretik egindako prentsaurrekoan, «lehenengo lana goi karguetako soldatekin gastua %41,43a murriztea» izan zela azaldu zuen. Era berean, epe motzerako proposamenak burutu dituzte udaleko langileei dagokienez.
Udaltzaingoa
Egungo udal gobernuak, udaltzaingoan behin behineko kontratuekin eta «zuzenean izendatutako pertsona bat buru zuen antolaketa» batekin topo egin zutela azaldu du. Honen aurrean, langileria egonkortu nahi dute, organigrama berria osatuz. Gainera, udaltzaingoari betiko izaera berrezartzea da euren helburua, «herritarrei gertutasuna eskainiz». Azkenik, udaltzainei izaera poliziala kentzearekin batera, TAO zerbitzua optimizatzen saiatuko dira.
Hirigintza
Alde Zaharrari dagokionez, Erretengibel indartzea da helburuetako bat. «Aurrekontuetan esfortzu berezia egin beharko» den arren, eraikinen zaharberritzea sustatu nahi dute, eta eremu honetan espazio publiko berria sortu (patioak irekiz, eta abar).
Bidebieta auzoa ere hirigintza arloan lehentasuna duen eremuetako bat da. Kasu honetan, lursail baten permuta egin dute, eta Bidebietaren berriritartzea aztertuko dute, Izaskun auzoarekin batera.
Voith-Gorostidiko eremu berrian, «oraindik egonkortasun juridikorik ez dagoela» azaldu dute. Konpentsazio Juntarekin negoziazio prozesu bat abian jarri dute, urbanizazio gastuak murriztearen truke, eta hemendik ateratzen den akordioak auzotarren babesa izan beharko du. Modu honetara, bi helburu nagusi dituzte. Batetik, errepidea lurperatu beharrean, eremurako ekipamendu publikoa egin nahi dute, gastua nahiz eraikitze-eremua murrizteko, horrela legea betez. Bestalde, Gurutze Gorriaren lekualdatzea aztertu dute, eta epe ertainera txaleta kultur arlora bideratzea aurreikusi dute.
San Esteban auzoan, jada idatzita zegoen Plan Berezia geratu dute, eta auzoaren etorkizuna erabakitzeko prozesu parte hartzailearen bidez erabakiko dute. Hemen, batetik, geltokiaren berriztatzea eta Elosegi parkea Plan Bereziaren eremuan sartzea dira helburu nagusiak.
Amarotz auzoko Paper fabrika gunean aurreikusita zeuden 260 etxebizitzak «lekuz kanpo» daudela uste du udal gobernu berriak, eta hemen ere, auzotarren iritziak bilduko dituzte.
Ingurumena
Aurrera begirako bi helburu finkatu dituztela azaldu zuen Asier De los Rios zinegotziak. Miserikordia zaharreko memoria berreskuratzea da bat, bertako baratzen izenak lortu eta udalaren lurretan bertako zuhaitzak landatuz. Era berean, zaborren kudeaketan aldaketa bat proposatuko dute, eta horretarako eredu desberdinak aztertuko dituzte.
Garapen ekonomikoa
Lehenik eta behin, lehen sektoreari bultzada bat eman nahi dio udalak. Horretarako, gastronomia azokei (txuleta, bisigua, babarruna,...) izaera herrikoia ematea da euren nahia, bertako nekazarien produktuak erabiliz eta baserritarren lana indartuz. Bide beretik, Lehiberri proiektua sustatuko dute.
Merkataritzan, sektoreko langileekin hainbat bilera egin eta gero, kezka nagusi dela azaldu dute, belaunaldi erreleborik ez dagoelako. Honen aurrean, Kalekintzaileak izeneko programa abian jarriko dute, komertzio berriak sustatzeko eta merkatari horiek hezteko. Horrez gain, turismoaren atalean, Euskal Herria plazako aterpetxea eraikitzea eta kanping nahiz autokarabanentzako aparkalekuak sortzeko aukera ere aztertuko dituzte.
Euskara eta hezkuntza
Tolosako Udaleko lan hizkuntza bakarra euskara izatea da nahia; erabilera plan bat diseinatuko dute horretarako. Haur eta gazte tolosarrek ‘eskola=euskara’ lotura deuseztatzea ere jomugetako bat da, eta euskara egunerokorako hizkuntza izatea da nahia.
Bestalde, Tolosa Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko eskaera egingo dutela azaldu zuen Iñaki Irazabalbeitiak. Eskualdean Tolosak erreferentzia izan behar duela uste dute, eta bide horretan, UEMA gune bat Tolosan bertan jartzea proposatuko dute.
Hezkuntzari dagokionez, Tolosako eta Cardiff-eko udalen Europako proiektua sinatu berri du Edurne Mendia zinegotziak. Eskolek parte hartuko dute, baina domeinua udalak izango du. Proiektu honen bidez, hizkuntzaren erabilera eta hizkuntza errealitate desberdinak ezagutuko dituzte hango eta hemengo ikasleek.
Kultura eta festak
Kultur arloan, aurrera begirako hamaika helburu finkatu dituzte. Besteak beste, Foru Aldundiak finantzatutako EMUN kultura plana jarraituko dute, herriko eragileen foro iraunkor bat osatzeko. Era berean, Topic zentroaren erabilera herriko eragile guztiei zabaltzeko asmoa dute, horretarako, CIT-TEE elkartearekin udalak duen hitzarmena berrikusi beharko dute.
Bestalde, euskal nortasunari eta historiari lotutako proiektuak sustatzeko asmoa dute, hainbat ekitaldiren bidez.
Gazteria eta migrazioa
Arlo honetan, gazteekin lanean aritzen diren eragileen foro bat sortzea da ideietako bat, eta bide beretik, etorkinen mahai bat ere bultzatuko dute, kulturartekotasuna sustatzeko. Azkenik, helburu nagusien artean dute gazte lokalen araudia moldatzea ere.
Parekidetasuna
Parekidetasunak udaleko egitura osoko zehar lerroa izan behar duela uste du udal gobernu berriak. Horretarako, departamentu guztiei zuzenduriko plana prestatuko dute, eta udal eremutik kanpo, herriko gainerako erakundeekin ere lan egingo dute.
Aurrera begirako helbururik aipagarrienetarikoa, aurrekontuak genero ikuspunturik lantzearena da. Azkenik, Bildu eta Aralarreko ordezkariek, ekonomian garai zailak diren arren, beharra duten familiei laguntzeko baliabideak mantenduko dituztela nabarmendu zuten.
Gizartea eta kirola
Bukatzeko, udalak, «ekonomia egoera txarra den arren», beharra duten familiei baliabideak eskaintzen jarraituko duela nabarmendu du.
Kirolaren esparruan, berriz, Usabalgo hirugarren faseak eta Berazubiren eraberritzeak bat egingo dutela aipatzekoa da, alde batetik. Gainera, Beotibar pilotalekua berritzeko proiektua aztertzen ari dira. Azkenik, igandeetan ikastetxeetako kirol espazioak erabilera publikorako zabaldu nahi dituzte.
Udal gobernuaren txostena herritar guztiek osorik irakurri ahal izango dute, www. tolosakoudala.net edo http://tolosa.hitza.info web orrietan.