Pasa den asteartean, eskualdeko AHT Gelditu elkarlanak agerraldia egin zuen, aurtengo udan, AHTko lanak direla, Tolosako bi baserrien eraisketa salatzeko.
Ekainaren 3an bota zuten Arane baserria, eta abuztuan, berriz, Pikoagakoa. Hirugarren baserri bat botatzea aurreikusita dagoen arren, Olarrain auzoko sei etxebizitzako beste eraikin bat ere eraisteko asmoa azaldu dute obretako arduradunek.
Honen aurrean, elkarlaneko kideek «etxebizitza eta baserri sutsipen hau AHTak eragingo duen kalte bat gehiago» dela nabarmendu dute. Krisi garai honetan, etxebizitza funtsezkoa dela diote, eta «kontraesana» iruditzen zaie, langabezia, soldata murrizketa, osasun arloko arazoak nahiz hezkuntzako murrizketen aurrean, «AHTa finantzatzeko oraindik botatzen ari diren dirutza».
Honen harira, datu zehatzak eman nahi izan dituzte: «herritar bakoitzak urtean 4.790 euro ordaindu beharko ditu, AHTa eraikitzeko». Bide beretik, Nekane Jurado ekonomilariak ateratako ondorio batzuk ezagutarazi dituzte: «AHTko aurrekontuarekin 99.530 etxebizitza eraikiko lirateke, edo 200.000 berritu».
Etxebizitzak eraistearen aurkako agerraldian, elkarlaneko kideek baserriaren balioa ere aldarrikatu nahi izan dute. Baserriaren inguruan egiten diren jarduera ekonomikoez gain, «baserriak duen nortasuna ere «suntsitzen dutela» diote, «euskal kultura suntsituz».
Tolosaldeko AHT Gelditu elkarlanak, beraz, «etxe eta ekoizle txikien aurrean, tamaina handiko proiektu ak inposatzea» guztiz gaitzesten duela azaldu du.