Edurne Agirrezabala: «Emakumezkoak izaten dira ikusle gehienak»

tolosa 2011ko ira. 21a, 06:00

Edurne Agirrezabala (Oiartzun, 1956) 42 urterekin hasi zen antzerkiaren munduan. Gaur egun, oholtza gaineko lana beste lan batekin uztartzen duen arren, ikusleak barrez ikustean sekulako poza sentitzen duela dio. Bihar, 22:30ean, Ogiyik karri etzun semia emanaldia eskainiko du Zikloia egitasmoaren barruan, Orbela tabernan.

Zeren ingurukoa izango da bihar eskainiko duzun saioa?

Ama eta seme baten arteko loturaz hitz egiten du. Guraso bezala amak semearentzat zer nahi duen, eta semeak bere aldetik zein erabaki hartzen dituen ikusten da. Finean hori da: guri, guraso bezala, seme alabentzat onena iruditzen zaigun hori, askotan seme alabentzat ez da onena izaten, eta beren bidea aukeratzen dute. Haustura hori irudikatzen dut; gurasoek noraino iritsi behar duten eta noiz hasten den seme-alaben nortasuna.

Belaunaldi desberdinak izango dira, beraz, hizpide. Zuk, umorea egiterakoan, ikuslearen perfila kontuan izaten al duzu? Nola aukeratzen dituzu gaiak?

Nire bi alabak gaztetxean zebiltzan, eta Oiartzungo festetan zerbait egiteko eskatu zidaten gazteek. Emanaldia gaztetxean izango zenez, guraso bezala emanaldi hau prestatzea pentsatu nuen; gazteek beren kontuekin txundituta nola uzten gaituzten erakutsi nahi nuen. Ni ere alaba izan naiz, eta belaunaldi gazte batekoa ere bai, eta zure seme-alabek egiten dizkizuten arte, ez zara gauza horietaz konturatzen. Nire buruari esan nion, gazteei astindutxo bat eman behar niela, baina baita gurasoei ere. Izan ere, ez ditugu beti errespetatzen bakoitzaren erabakiak, gogorrak egiten zaizkigulako.

Eszenatokitik jendeari barrea eragiten diozula ikusten duzunean, zer sentitzen duzu?

Ai... ba poz handia! Gaitasuna izango bagenu bakoitzaren arazoekin barre egiteko... Negar ere egin behar da, ordea, zeren barreak negarra dauka ondoan, eta bai bata eta bai bestea, oso garrantzitsuak dira. Gertatzen dena da, askoz ere hobeto ikusia dagoela barre egitea. Orduan, sekulako harrotasuna sentitzen dut jendeak barre egiten duenean. Ni antzerkian 42 urterekin hasi nintzen, orain 55 urte ditut, eta ez nuen sekula pentsatuko inorri barre eginarazteko gaitasuna izango nuenik. Hori ikusteak eta hori sentitzeak, indar handia ematen dit, oso pozik geratzen naiz, eta jendeak esaten didanez beraiek ere hala geratzen dira. Nik sortutako zerbait jendearengana horrela iristean, oso pozik geratzen naiz.

Tolosan eskainiko duzun emanaldian zu bakarrik egongo zara oholtzan. Aktore bati zer aportatzen dio bakarrik antzezteak? Zailagoa al da?

Askatasun mota bat ematen dizu, inori ez baitiozu erantzunik eman behar. Behin eszenatokira aterata, ez dut bakardade hori sentitzen; bakardade hori oholtzara irten aurretik sentitzen dut, ezkutatuta nagoenean. Orduan bai dela zailagoa. Ni Lezoko Orratx antzerki taldean ere aritzen naiz, eta eszenatokiaren atzean jende gehiagorekin zain zaudenean, urduritasun hori besteekin elkarbanatzen duzu. Bakarrik zaudenean berriz... Gainera, emanaldi honetan semea gelan dagoela irudikatzen dut. Semerik ez dagoen arren, nik gertutasun hori somatu egiten dut, eta ondo sentitzen naiz.

Asvineneako Poltsikoko antzerki lehiaketa irabazitakoa zara. Aktoreak beti ibili behar al du hara eta hona, gauza desberdinen bila?

Alabaren lagun batek esan zidan lehiaketa hori antolatzen zutela. Neurtu egin nahi nuen, epaimahai baten aurrean, zer nolako balorazioa ematen zidaten. Neronek egina zen antzezten nuen guztia, eta beste iritzi batzuen beharra nuen. Horregatik aurkeztu nintzen lehiaketara. Sorpresa izan zen, lehenengoan irabazi egin bainuen. Pentsa, ze ondo! Aurten ere finalista bezala geratu naiz, eta oso garrantzitsua da. Eta egia da bai, aktoreak hara eta hona ibili behar duela. Ni, gainera, ezezkorik esaten ez dakiena naiz, eta edozein gauzetarako prest nago beti. Gainera, ez naiz neska kozkor bat, eta esaten duten bezala, arroza pasata daukat; makarroiak pasatu aurretik, edozer gauzetarako apuntatzen naiz.

Eta nolatan hasi zinen antzerkigintzan?

42 urtera arte banuen nahikoa ama izaten eta lan egiten. Alabek 13 eta 15 urte bete zituzten, eta ez zuten hainbeste beharrik, ni beraien ondoan egoteko. Denbora librea banuela ikusi nuen, eta antzerkian izena ematea pentsatu nuen. Donostiako antzerki tailerretan hasi nintzen, hiru urteko ikasketak egiteko. Geroztik, hementxe nabil.

Telebistan ere lan egin izan duzu. Aktore batentzako bi mundu desberdin al dira?

Bai, oso desberdina da. Nik antzerkia nahiago dut, baina egia da, behin telebistan aterata, mundu guztiak ezagutzen zaituela; beste puntu bat ematen du horrek. Niri dena gustatzen zait, baina beste xarma bat du antzerkiak. Telebista hotzagoa da, eta seguraski zailagoa ere bai, askoz ere gauza gehiago adierazi behar baitira mugimendu txikiagoen bidez. Antzerkia, berriz, beroagoa eta zuzenagoa da.

Bakarrizketak erdaraz entzutera ohituak gaude. Nola eragiten dio aktoreari euskaraz lan egiteak? Txisteak modu berean kontatu behar al dira?

Ba ez dakit, nik egin izan dudan guztia euskarazkoa izan baita. Gainera, nik ez dut ezer sortu. Obra honetan, adibidez, pasadizo ia gehienak, nik bizi izandakoak dira. Idazteko beharra ere, duela hamar urte sentitu nuen, eta beraz, ez dut teknika berezirik erabiltzen eta nire obrak ez dira borobilak izango.

Keinuek garrantzia handia al dute?

Bai, hori bai. Tristura, poza, harrotasuna, eta abar transmititu nahi duzunean, teknika jakin batzuk badira. Hala ere, ni nahiko organikoa naiz, eta gauzak etortzen zaizkidan bezala botatzen ditut. Gehiago funtzionatzen dut bihotzez, buruz baino, eta sentitzen dudana adierazten dut.  .

Beti esan izan da antzerkia krisian dagoela. Euskarazko antzerkia, eta antzerkia, oro har, nola ikusten duzu gaur egun?

Krisialdian, esan bezala. Krisi garai honekin gauza asko saihesten ari dira, eta askotan iruditzen zait lehenengo kentzen dutena, lehen ere nahiko hankamotz dagoena dela. Egoera arraroan gaude antzerkian, eta ez dakit hemendik aurrera noruntz joango den hau. Politikoki ere aldaketak izan dira, eta ea horrela gurea denari eusten diogun, kulturari orokorrean.

Egungo gazteek antzerkia kontsumitzen al dute? Zein ikusle mota da nagusi?

Lekuaren arabera oso desberdina izaten da. Adibidez, bihar taberna batean izango da, eta pentsatzen dut gehienak gazteak izango direla. Herri txikietan, berriz, belaunaldi guztiak etortzen dira: bilobak, gurasoak eta aiton-amonak. Emakumearen egunaren harira ere, emanaldi asko izaten ditut, eta saio hauetan gehienak emakumeak izaten dira. Era berean, tabernan, herri txikietan nahiz antzokietan, antzerki mundura gehien hurbiltzen dena emakumea izaten da. Joaten diren gizonezkoek oso ongi pasatzen dute, baina ez dira hainbeste animatzen, eta lastima da.

Zikloia bezalako egitasmoek antzerkia bera ikuslearengana eramaten dute, ikuslea antzokira joan beharrean. Jendeak antzerkia ikustea errazten al du horrek?

Baietz uste dut. Beti dago espresuki antzerkia ikustera etortzen den jendea, eta baita tabernan ustekabean harrapatzen dituzunak ere; ikusten geratzen dira. Ikusleei heltzeko modu bat da. Ez dira herri asko, horrelako gauzak egiten dituztenak, baina Tolosaz gain, ari dira beste leku batzuetan ere. Beran, urte askotan izan naiz, eta Ondarrun ere ari dira antzerkia bultzatzen. Ongi deritzot.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!