Espainiako pistako txapelketetan Jon Irisarrik bi urrezko domina lortu ditu

Ataria 2011ko irailaren 20a

Asteburu honetan Jon Irisarri tolosarrak bi urrezko domina lortu ditu Tafallan. Espainiako pistako txapelketak jokatu dira bertan, eta Oriako taldeko txirrindulariak, Euskadi ordezkatuz, kadete mailako bi proba irabazi ditu.

Jon Irisarri abiadura eta keirin probetan nagusitu zen, eta taldekako abiadura proban brontzezko domina lortu zuen; Aritz Badiola bizkaitarrarekin eta Jon Sanchez donostiarrarekin taldea osatuz.

Tolosar gazteak maila bikaina erakutsi zuen, eta azkarrena bera zela ere argi gelditu zen. Abiadura proban aurkari guztiak maisuki gainditu zituen Irisarrik. Hala eta guztiz ere, kanporaketan nahiz finalean, lasterketa zailtasunekin hasi zuen.

Abiadura proba larunbatean jokatu baldin bazen, keirin proba igandean lehiatu zen. Lasterketako parekotasuna amaieran hautsi zuen Jon Irisarrik, zortzi aurkariak esprintean atzean utzi zituenean.

Tafallan asteburuan jokatu diren Espainiako txapelketetan, Euskadiko taldeak emaitza bikainak lortu ditu: bost urrezko domina, zilarrezko bi eta brontzezko sei. Gustura atera dira, beraz, euskaldunak txapelketa honetatik, domina gehien lortu dituen selekzioa izan baita.

Besterik gabe, parte hartzaile guztiei zoriontzea besterik ez zaigu falta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!