Irudimena eta norberaz barre egitea izango dira antzerki tailerraren ildo nagusiak

tolosa 2011ko irailaren 19a

Tolosako kultur etxeko antzerki tailerrean parte hartzeko matrikula epea zabaldu dute. Joan den ikasturtean «aniztasuna nagusi» izan zela azaldu dute arduradunek, eta beren bereizgarri nagusienetarikoa dela diote.

Antzerki tailerrean izena emateko gogoa izaten duten gehienek, beldur berak dituztela azpimarratu dute tailerreko arduradunek: «gaitasunik ba duten edo ez izaten da zalantza, eta adinagatik sortutako aurreiritziak ere ohikoak izaten dira». Antzerki tailerra, ordea, talde heterogeneoa dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta heldu zein gazteentzako lekua dela bertan.

Astelehen eta asteartero biltzen dira antzerki tailerreko kideak, kultur etxean. Beren lan metodologiak lau ildo nagusiri jarraitzen die, eta «antzerkiaren oinarria jolasa» denez, horren inguruan lantzen dituzte hamaika ariketa.

Jolasa, antzerkiaren muina

Tailerrean jolas egitea ohikoa da azaldu dutenez. Tailerreko kideek «gure barnean dugun umearekin bat egitea oso lan garrantzitsua» dela diote. Horrela beraz, jolasen bidez bat-batekotasuna, inprobisazioa eta berezko indarra azaleratzea izaten dute helburu.

Norberaz barre egitea

Bakoitzak bere buruaz barre egiteak «norberaren ikuspuntu objektiboago bat» lortzea dakarrela diote antzerki tailerreko arduradunek. Aktoreak eskuratu beharreko trebetasunen artean hauxe garrantzizkoenetarikotzat dute adituek, eta Tolosako tailerrean ere helburu garbietako bat da.

Irudimena, aktorearen gakoa

Arduradunen arabera, antzerki tailerreko helburu nagusia aktoreak bere irudimena lantzea da. «Izena ematen duen jende asko kezkatuta egoten da memoria arazoak direla eta; testuak ikasteko gaitasunik ez dutela izango uste dute», baina tailerrean burutzen dituzten ariketen bidez, emaitza oso onak lortzen dituztela diote: «irudimena lantzeak, azken finean, lanaren azken emaitza irudikatzea errazten du, eta oso lagungarria da».

Kurtso amaierako obra

Eguberrietako oporraldiaren ondoren, antzerki tailerra obra bat prestatzen hasten da. Ordura arte, partaideek hainbat proposamen egiten dituzte, eta hauetako bat aukeratzen dute, entseguak egiten hasteko. Modu honetara landu zuten aurreko ikasturtean ere, ‘Criaturas’ antzezlana. Datorren irailaren 30ean, berriz ikusteko aukera izango da 22:30ean, kultur etxean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!