"Hamar egun besterik ez dira pasa AHTren obretan lan istripu larri baten ondorioz heriotz bat suertatu zela Tolosa inguruan, hilak 15ean beste istripu larri bat jaso da ia toki berdinean, zer gertatzen ari da AHTren obretan hainbeste istripu gertatzeko?
Guk oso argi dugu gertatzen ari dena; segurtasun eza, lan erritmoak, prekarietatea eta azken finean proiektu basati eta burugabe hau, bultzatzen ari diren alderdi politiko, patronala eta instituzioetako harrokeria eta handikeria.
Hau guztia ez da zerbait normala eta sahiestezina, kontrakoa sinestarazi nahi badigute ere. Istripu guztiak ekidin daitezke, horretarako borondatea edukiz gero. Hala ere, patronalak prekarietate gordinera eta segurtasun faltara kondenatu nahi gaitu, eta dena bere irabaziak handitzearren. Bien bitartean, administrazioek gormutu jarraitzen dute gure senide, auzokide eta lagun guztien heriotzen aurrean.
Arazo sozial latz eta lazgarria dela jabetu behar gara guztiok, denoi eragiten diguna, eta beraz, denon inplikazioa beharrezkoa da egoera honi behingoz buelta eman diezaiogun. Lanera joateak ezin du jarraitu bizia galtzeko arriskua izaten.
Mobilizatu eta borrokatu behar dugu, gure osasuna eta bizitza defendatzeko modu bakarra horixe delako."