Datorren urriaren 10etik aurrera, hirugarren urtez jarraian, hasiera emango zaio Nazioarteko Gaurkotasunari buruzko Mintegiari. Tolosaldea Goi Mailako Lanbide Heziketa Institutuko Ikastn zerbitzuak antolaturiko saioak izaten dira.
Mundu zabaleko gatazkak, arazoak eta gorabeherak izaten dituzte hizpide, eta ikasturte honetan, astelehenetan egingo dituzte saioak. Zehazki, urriaren 10ean, 17an eta 24an, eta azaroaren 7an, 14an eta 21ean ospatuko dituzte aurtengo mintegiko saioak.
Ordutegiari dagokionez, berriz, mintegia iluntzetan izango da, 19:00etan hasi eta 21:00ak arte, Topic-eko auditorioan.
Afrika abiapuntu
Nazioarteko Gaurkotasunari buruzko bigarren mintegian Afrikari buruzko modulua landu gabe geratu zen. Hau dela eta, aurten Afrikari eskainiko dizkiote lehen bi saioak.
Afrika, hamaika arrazoirengatik, itxaropena galdua duen kontinentea da: gosea, gerrak, pobrezia, gaixotasunak, eta abar. Honen guztiaren gainetik ordea, eta Afrikak estatistikak aurka dituen arren, Tolosaldean Ikastn-ek antolaturiko mintegi honetan beste ikuspuntu batetik jorratuko dute gaia. Izan ere, Afrikari ikuspuntu baikor batetik begiratzeko arrazoiak badirela uste dute, eta baieztapen honetatik abiatuta, kontinente horretako lehengaiei buruz, eta hauek ekar ditzaketen garai hobeei buruz ariko dira Topic-eko lehen bi saioetan.
Gainontzeko lau egunetan, berriz, aurreko mintegian landutako gaiak gaurkotzea da arduradunen asmoa. Bide honetan, Ekialde Hurbila, Amerika, Asia eta Europari buruzko gaiak jorratuko dituzte.
Nazioarteko Gaurkotasunaren bigarren mintegian, aurreikusitako programak aldaketa batzuk jasan zituen, eta Japoniar itsasikara eta arabiar matxinadak izan zituzten hizpide. Oraingoan ere, nazioarteko aktualitateko gertakaririk esanguratsuenek lehentasun osoa izango dutela azpimarratu dute antolatzaileek.
Izen-ematea zabalik
Tolosaldean Ikastn-eko arduradunek diotenez, mintegiak parte hartzeko eskaera kopurua handia izan da, eta aurreko bi mintegien arrakasta ikusita, Ikasten-ek eskualdeko helduen heziketaren esparruan lekukoa hartu nahi izan du: «horretan jarraituko dugu, bizitza osoan zeharreko ikaskuntza gizarteratzen».
Aurreko mintegiko azken saioan, zenbait ikaslek ikastaroan jarraitzeko inprimaki bat bete zuten, erreserba egite aldera. Era berean, mintegiko ikasle ohiek gaur izango dute azken aukera plaza erreserbatu eta ordaintzeko. Izan ere, matrikula ordaindu arte erreserba ez dute berretsiko.
Ikasle berriei dagokienez, berriz, datorren irailaren 19tik aurrera izango dute izena emateko aukera. 943 65 11 47 edo 615 77 56 78 telefonoetara deituta, nahiz info@ikastn.com helbidera idatzita egin daiteke izen-ematea.