40 urte inguruko leitzar batek istripua eduki du AHTren lanetan, eta arin zauritu da baso-lanetarako makinarekin lanean zebilela. Ezbeharra 11:40ak inguruan gertatu da, Tolosako Olarrain auzoan. Obrako zuzendaritzaren ordezkariek eta hainbat langilek azaldu dutenez, enborrak eramateko makina amildegitik behera erori da, olioa baleztetara eramaten duen hodia hautsi zaionean. Balaztarik gabe gelditu denean, langileak kabinatik jauzi egitea lortu du, eta ondoren, makinaren gurpilak orkatilan zauria eragin dio leitzarrari. Lehenik eta behin, langilea istripua izan duen lekuan artatu dute, eta ondoren, anbulantzian, Tolosako Asuncion Klinikara eraman dute.
Baso-lanetarako makina 60 metro inguruko amildegitik behera erori da, Olarrain eta San Esteban auzoen arteko trenbidearen erdian geldituz. Adifeko iturriek azaldu dutenez, istripu honen ondorioz, trenbidea itxi egin behar izan dute Tolosa eta Legorreta artean. Renfek bere zerbitzuetan ordezko garraio plan bat jarri duela ere azaldu dute, gune horretako erabiltzaileentzat. 13:15ak inguruan zabaldu dute berriro ere trenbidea.
Ibai Iriarte Tolosako alkatea istripua gertatu den lekura joan da 13:30ak inguruan. Bertan, obrako zuzendaritzaren ordezkariekin elkartu da. Lehenik eta behin, langilearen osasun egoeraz galdetu du. Orduan, obrako arduradunek gertatua kontatu diote Tolosako alkateari. Ibai Iriartek, duela 10 egun eskas Aldaba Txikin langile bat hil zela aipatu die, beste istripu batean, eta gaur bigarrena hiltzeko zorian egon dela. Tolosako alkatea oso kezkatuta eta "haserre" agertu da, azpiegitura erraldoi honetako langileak jasaten ari diren "segurtasun faltagatik". Obrako arduradunak ez dira ados agertu puntu honetan, baina alkateak 10 egunen barruan bi istripu larri gertatzea ez dela kasualitatea esan die. Azkenik, horrelakorik berriro ez gertatzeko egin beharreko guztia egitea eskatu die obrako arduradunei Iriartek, lanak hasi besterik egin ez direla gogora ekarriz: "Jar ezazue jarri beharreko guztia langileen segurtasuna bermatzeko".