Uda amaiera badator, eta tabernarien Ezpeleta elkarteak, bigarren urtez, uda bukaerako festa antolatu du Tolosako Udalaren laguntzaz. Gaur izan da gaztetxoenen txanda, eta bihar eta etzi, helduen boleibol txapelketa izango da Plaza Berrian jarri duten hondarrezko eremuan.
Tabernariek azaldu dutenez, iaz baino jende gehiagok eman du izena aurtengo boleibol txapelketarako: «jende askok galdetu digu boleibol txapelketaren inguruan», dio Ixa Iglesiasek. Horrela beraz, guztira 32 talde ariko dira Plaza Berriko hondarrezko eremuan.
Talde bakoitzak lau jokalari izan beharko ditu, eta aldaketa bat bakarrik egin ahal izango dute. Hiru set irabazten dituen taldeak, partida irabaziko du.
Heldu eta gazteentzako
Gaztetxoenek gaur izan dute Plaza Berrian kirola egiteko aukera, hondartzako 3x3 futbolarekin. 2002 eta 2003 urteetan jaiotako neska-mutilak aritu dira, 16:00etatik aurrera.
Bihar, berriz, 10:00etan hasita, hondartzako boleibol partidak izango dira eta final zortzirenak jokatuko dituzte.
Etzi, larunbata, 12:00etan emango zaie hasiera partiduei, final laurdenekin. Arratsaldeko seiak inguruan, finalaurrekoak jokatuko dituzte, eta ondoren, suzko malabareak ikusi ahal izango dira. Azkenik, finala 20:00ak inguruan izango da: «Realaren partida dagoenez, finala amaitu ondoren egitea pentsatu dugu, jende gehiago etor dadin», diote antolatzaileek.
Partidek irauten duten bitartean, DJa eta hizlaria arituko dira giroa animatzen. Bide beretik, Ezpeleta elkarteak barra bat jarriko du Plaza Berrian bertan, eta bezeroen artean zozketak egingo dituzte; kubatak, afariak, eta antzekoak izango dira opari.
Sariak ere bai
Boleibol txapelketako jokalariek ere izango dute beren saria. Txapeldunordeentzat 19-90 tabernan afari bat izango da, eta txapeldunentzat, berriz, Solana 4 tabernan. Gainera, talderik originalena ere saritua izango da.
Azkenik, aipatzekoa da, udalak larunbat gauean tabernak ordu bete gehiago irekita izateko baimena eman diela tabernariei.