Igande eguerdian hil edo biziko estropada jokatuko dute Getaria-Tolosako neskek, Donostiako uretan. Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian, Zumaiako taldearekiko galduak dituzte bost segundoak errekuperatzen saiatuko dira.
Joan den igandean, itsasoa harro ibili zen, eta estropada eremuko lau kaleen arteko desberdintasuna nabarmena izan zen, bai emakumezkoen estropadan, baita gizonezkoenean ere. Getaria-Tolosako neskek ez zuten zorterik izan, eta lehenengo kaletik egin behar izan zituzten lanak; hantxe puskatzen ziren olatuak, eta poparean izan zituzten zailtasun handienak. Hala eta guztiz ere, 11:12ko denborarekin sartu ziren helmugan; 11:11ko denbora markatu zuen Galiziak, eta 11:07koa Zumaiako traineruak.
Denboraldia nola joan den ikusita, itxaropentsu daude neska tolosarrak, eta bost segungoko zulo horri buelta emanez, bandera preziatua lortu nahi dute.
Harrera ofiziala arratsaldean
Igande arratsaldean, harrera egingo zaie arraunlariei. 18:00etan izango da ekitaldia, Plaza Zaharrean. 17:30ean kalejira abiatuko da Triangulotik.