Gazteen lan munduratzea errazteko hitzarmena sinatu dute

Ataria 2011ko irailaren 9a

Tolosako Udala «herriaren sustapen ekonomikoa eta garapena bultzatzeko helburuarekin», gazteen lan munduratzea errazteko urratsak eman nahian dabil. Horretarako, Babarrungileak: ikusmugak ereiten programa jarri du martxan. Akordioa, atzo sinatu zuten Ibai Iriarte Tolosako Alkateak, Mari Carmen Iradi Tolosako Babarrun Ekoizleen Elkarteko Presidenteak eta Ino Jauregik lurjabeak.

Honen arabera, udalak aukeratuko dituen hainbat ikasle formakuntza lanetan murgilduko dira,  Tolosako jatorrizko deiturako babarrunaren ekoizpena eta komertzializazioa lan eremutzat hartuta.

Udalarekin sinatu duen hitzarmenari jarraituz, Ino Jauregik  13.000 m2-ko lursaila alokatuko dio udalari. Aurrez ordea, babarrun hazia eta artoa ereingo ditu bertan.

Babarrun Ekoizleen Elkarteak ekoizleari zein udalari aholkularitza teknikoa eskainiko dio proiektu osoan zehar, eta azkenik, ikasleen txanda izango da. Hauek, babarrun bilketarekin hasiko dira, ondorengo urratsetan ere protagonista izateko, beti ere, ekoizpenari eta komertzializazioari buruzko ikasgaiak ateratzeko.

Proiektua amaitzean, eta Jauregik horrela eskatuko balu, lursaila hasiera batean zegoen egoeran uzteko konpromisoa hartu zuen udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!