LABeko jubilatu eta pentsiodunak batzar irekia egingo dute asteartean

Ataria 2011ko irailaren 8a

LAB sindikatuko jubilatu eta pentsiodunek herritar guztiak gonbidatu ditu asteartean, hilaren 13an, egingo duten batzar irekira. Tolosako kultur etxean elkartuko dira 10:30ean, eta bertan egunerokotasuna duten hainbat gai eztabaidatuko dituzte: osasun publikoa; fiskalitatea, gizarte zerbitzuak eta pentsioen erreforma, besteak beste.

Batzarraren ostean, 12:30ean, kalera irtengo dira enkartelada egitera.

"Murrizketa sozialen aurka"

LABeko jubilatu eta pentsiodunek hainbat sindikatu eta alderdi politikoren jarrera salatu dute: «urteetan langileen lana eta borrokari esker lortutako garaipen sozialak ezabatu, murriztu eta birrindu dituzte azken boladan, erreforma desberdinak medio. Hori bai, CCOO eta UGTren laguntzaz, eta PP, PSOE, EAJ eta UPNren babesarekin». Horren ondorioetako bat, egun pentsiodunek bizi duten egoera dela azaldu dute: «Euskal Herrian, jubilatu zein pentsionisten herena pobreziaren mugan bizi da bultzatu dituzten murrizketa eta pribatizazioen ondorioz». Azkenik, erantzun «sendo» bat emateko garaia dela azaldu dute, horregatik gonbidatu dituzte herritarrak astearteko batzar irekira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!