Biharkoa izango da, Udaberri dantza taldeak haur eta gaztetxoentzat antolatzen dituen ikastaroetan izena emateko azken eguna.
Lehen deialdia pasa den ekainean egin zuten taldeko arduradunek: «baina uda osoan zehar guraso askok erakutsi digute euren seme-alabak ikastaroetan apuntatzeko interesa». Gauzak horrela, dantza taldeko kideek bigarren txanda hau antolatzea erabaki dute.
Tolosako Antonio Maria Labaien kultur etxeko beheko solairuan jarriko dute bulegoa ohi bezala, eta arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara bitarte izango da zabalik.
Dantza jendarteratuz
Udaberri dantza taldearen helburuetako bat «dantza herritarren artean zabaltzea» izan da betidanik, eta helburu horri begira antolatzen dituzte ikastaroak.
Haur eta gaztetxoen ikastaroetan, 150 ikasle inguru bildu izan dira azken bospasei urteotan. Helduen ikastaroei dagokienez, berriz, bi talde osatu zituzten iaz, plazako dantzak ikasi nahi zituen jendearekin.
Haur eta gaztetxoen ikastaroak hil honen erdialdean hasiko dira, eta zerrendak www.udaberri.com webgunean izango dira ikusgai. Helduen dantza ikastaroei buruzko informazioa, berriz, laster zabalduko dutela azaldu dute Udaberri dantza taldeko arduradunek.