AHT Gelditu! Elkarlana koordinakundeak elkarretaratzea antolatu du bihar Tolosako Triangelua plazan, 19:00etan. Bertan, Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza lanetan herenegun Aldaba Txikin zendu zen langilearen heriotza salatuko dute: «Berriz ere langile bat AHTaren eraikuntza lanetan hil da. Hori dela eta, makroazpiegitura hauetan lanean ari diren pertsonek jasaten dituzten baldintzez ohartarazi nahi dugu: amaigabeko lanaldiak, lan erritmo izugarria, segurtasun planik eza, inmigranteen kontratazioa beraien jatorrizko lan hitzarmenen baldintzen arabera,...».
Koordinakundearen esanetan, azpiegitura honen atzean «saltzen» dutenaren aurkakoa aurkitzen da: «Gizarteari jakinarazi nahi diogu abiadura handiko trena lanpostu eta aberastasun iturri bezala saldu arren, horren atzean esplotazioaren antzekoa den lan prekarioa besterik ez dela gordetzen». Jadanik AHTren lanetan bost langile hil direla ere gogoratu dute.
AHT Gelditu! Elkarlanak argi dauka zer dagoen proiektu honen atzean: «Enpresarien, eraikitzaileen eta banketxeen interes pribatuak babestea helburu duen azpiegiturak eraikitzeko politika jasangaitz honi berehalako amaiera eman behar zaio, izan ere, hauek bakarrik baitira AHTren obretan interesa dutenak. Are gehiago, Espainiako estatua Europa mailan abiadura handiko kilometro gehien duen estatua izanik, langabezi tasa altuena duena da, eta etorkizunean ekonomia hazkundean aurrikuspen txarrenak dituena ere bada. Honek argi uzten du, AHT ez dela aurrerapena, aberastasuna eta ongizatearen iturri, baizik eta krisiaren, defizitaren eta lan esplotazioaren jatorri zuzena besterik ez dela».
Azkenik, obra gelditzea eta herriaren hitza errespetatzea «exijitu» dute koordinakundetik. Horregatik, herritarrak biharko elkarretaratzera deitu dituzte.
Bildu, ELA eta LAB-en babesa
ELA eta LAB sindikatuek AHT Gelditu! Elkarlanaren deialdiarekin bat egin dute. Hauek ere herritarrei Trianguloa plazara azaltzeko eskatu diete. Tolosako Bilduk ere deialdi bera luzatu du, elkarretaratzearekin bat eginaz. Bilduren esanetan, «egun bizi dugun krisialdi izugarri hau ez dugu langileok ordaindu behar, baina hala izaten ari da, lan baldintza kaskarragoak jasaten ari garelarik eta langabeziaren mamua gainean izanik. Bitartean, behar ez ditugun azpiegitura ikaragarrien bidez hipotekatzen digute etorkizuna, benetako beharrei, osasun zerbitzu publikoa tarteko, erantzuten ez dieten bitartean».
Azkenik, Tolosako Bilduk, gehiengo sindikalak bihar 12:00etan udaletxe aurrean antolatu duen elkarretaratzearekin ere bat egin du.