Zabalik da euskaltegiko matrikulazio epea

tolosa 2011ko irailaren 6a

Ongi etorri leloak bete du aurten, irailaren 16ra bitarte zabalik izango den udal euskaltegietako matrikulazio kanpaina. Hain zuzen ere hauxe da ikasleei helarazi nahi dieten mezua, Tolosako Aitzol Udal Euskaltegiko zuzendaria den Mikel Uzkudunek azaldu duen moduan.

«Ongi etorria hainbat hizkuntzatan eman nahi dugu, izan ere, ama hizkuntza desberdinetako jendea dugu gure ikasleen artean», dio Uzkudunek. Bide honetan, ikasturte berria euskaltegian hasiko duten ikasleak etxean bezala sentitzea nahi dutela nabarmendu du, «gure hizkuntza inposaketarik gabe irakatsiz».

Hezkuntza eta Hizkuntza politika zinegotzia den Iñaki Irazabalbeitiak, berriz, euskararekin modu bateko edo besteko arazoak dituzten eskualdeko herritarrak animatu nahi ditu, euskaltegian izena emateko: «batzuek bihotzeko arazoak izaten dituzte, hemen jaioak direlako, euskaldun sentitzen direlako, baina bizitzaren gora beherak medio, ezin dituztelako, adibidez, bertsolariak ulertu». Era berean, lanerako edo seme-alabei etxeko lanetan laguntzeko euskarazko klaseak jasotzeko beharra sentitzen duten herritar asko ere badirela azaldu du. «Arrazoi bat edo bestea izan, merezi du hizkuntza bat ikasteak, norberaren kultura hazteko eta munduko beste leiho batzuk zabaltzeko». Azkenik, Irazabalbeitiak kanpotik hona datozenak ere gogoan izan ditu, eta «gure artean erosoago bizi eta harremanak errazteko, hauei ere ongi etorria eman nahi diegu».

Eskaintza desberdinak

2011-2012 ikasturterako aldaketa nabarmenik ez dutela egin azaldu du Mikel Uzkudunek.

Aurrez aurreko eskolei dagokienez, 10, 8, 6 edo 4 orduko klaseak antolatu dituzte. Autoikaskuntzako moduluari dagokionez, berriz, mantentzea erabaki dute: «autoikaskuntzatik azterketetara joan diren ikasleek emaitza hobeak lortu dituzte aurten, aurrez aurreko klaseetako ikasleek baino. Hala ere, egia da autoikaskuntza moduluko ikasleak diziplina handia behar duela», dio Uzkudunek. Azken bospasei urteotan autoikaskuntzak bilakaera oso ona izan duela azaldu dute, eta aurtengoan ere bide beretik jarraitzea espero dute.

Ikastaro hauetan, ikasleak, 1. mailarako, 2. mailarako, 3. mailarako edo Euskal Gaitasun Agiria lortzeko azterketetarako prestatzen dituzte. Bide beretik, IVAP, IRALE edo Osakidetzako hizkuntza eskakizunetarako prestakuntza ere lantzen dute.

Aurten, berrikuntza nabarmenetariko bat ikastetxeetako zuzendaritzekin hitz egin eta gero burutu dutena izan da, alde batetik. Tolosako ikastetxeetako ikasleen gurasoei euskaltegian izena emateko eskaintza helarazi zieten pasa den ekainean, eta Uzkudunek azaldu du, harrera nahiko ona izan duela ekimen honek: «seme alabekin euskaraz eralazionatzeko aukera ona da».

Bestalde, merkatariei ere eskaintza berezia luzatu diete aurten, Tolosa & Co merkatari elkartearen bidez. Dendariek izan ohi duten lan-ordutegi berezia dela eta, Aitzol Udal Euskaltegiko ohiko ordutegietara ezin izaten dute egokitu. Gauza horrela, eguerdietan eta iluntzeetan eskola bereziak antolatu dituzte merkatarientzat: «arlo guztiak hartu nahi ditugu euskararen zabalkuntzan», dio Uzkudunek.

Diru laguntzak tolosarrentzat

Iazko ikasturtean bezala, aurten ere, Tolosan erroldatutako ikasleek laguntza bat jasoko dute Tolosako Udalaren eskutik matrikula egiterakoan; aurten, ordea, laguntzak ikasturte hasieran jasoko dituzte ikasleek.

Aurrez aurreko klaseek 400 euroko kostua izango dute berez, baina Tolosan erroldatutako ikasleek %50a soilik ordaindu beharko dute; laguntza jaso ondoren, baldintza batzuk bete beharko dituzte (asistentzia adibidez). Autoikaskuntzako matrikula egiten dutenek, berezko 600 euroen%25a solik ordaindu beharko dute. «Badakigu ikasle askorentzat ezinezkoa dela diru kopuru horiek bat-batean ordaintzea, eta erraztasunak eman nahi iza ndizkiegu», dio Irazabalbeitiak. Honetaz gain, aurrez aurreko eskoletan izena ematen duten ikasleek, matrikula bi epetan ordaindu ahal izango dute: prezioaren bi herenak ordaindu beharko dituzte orain, eta azaro inguruan, hirugarren zatia ordaindu beharko dute.

Iñaki Irazabalbeitiak, «momentu honetan, beraz, dirua euskara ikasteko aitzakia ez» dela azaldu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!