Eskualdeko kirolarien eskutik iritsi dira abuztuko albisterik esanguratsuenak

Ataria 2011ko irailaren 5a

Abuztuko hilabeteak hamaika eta bat berri utzi ditu eskualdean, eta besteak beste, kirola izan da protagonista.

Tolosaldeko triatloilariek oso emaitza onak lortu dituzte azken lauzpabost asteotan burututako probetan; Egoitz Zalakainek eta Aimar Agirresarobek egindako lana azpimarratzekoa da. Bide beretik, Iker Karrera amezketarrak Mont Blanc-eko Ultra Trail proban bigarren postua lortu du.

Arraunean ere, Tolosa- Getariako neskak oso lan ona egin dute, eta beren erregulartasunak Euskotren liga nahiz Gipuzkoako Emakumezkoen Traineru ligaren garaipenak ekarri dizkiete.

Herri kirolek ere izan dute tarterik abuztuan, eta Josetxo Urrutiak laugarren postua lortu du Euskadiko harri jasotze txapelketan. Bestalde, Almitza elkarteko segalari euskaldunak Eslovenian izan dira, Europako txapelketan; Joxe Gabirondo gazteluarrak bosgarren postua lortu du. Ardi txakur lehiaketan, beste urte betez Txiki txakur aresoarrak irabazi du Uharte Arakilen.

Harri jasotzea

Euskadiko harri jasotze txapelketa. Josetxo Urrutia leitzarrak laugarren postua lortu zuen, pasa den abuztuaren 10ean, Aian ospatu zuten Euskadiko Harri Jasotze Txapelketan. 125 kiloko koadroarekin 22 jasoaldi egin zituen Urrutiak; pisu bereko harri zilindrikoa, berriz, 25 aldiz jaso zuen; 112,5 kiloko kuboa 14 aldiz jaso zuen, eta 100 kiloko bola 19 aldiz. Horrela beraz, guztira 9.350 kilo altxatu zituen Josetxo Urrutiak, 80 jasoalditan.

Triatloia

Oso emaitza onak eskualdeko triatloilariek. Abuztuaren 23an Copenhagen ospatu zuten Challenge Iron Man distantziako proban, Egoitz Zalakainek seigarren postua lortu zuen, 8 ordu eta 26 minutuko denborarekin. Era berean, Aimar Agirresarobek ere oso lan ona egin zuen Regensburg-eko (Alemania) Iron Manean, eta 13. postuarekin, datorren urriaren 8an Hawaiin ospatuko duten Munduko Txapelketarako txartela eskuratu zuen. Bestalde, Aitor Regillaga, Alberto Vaquero, Iñaki Insausti, Alar Sevillano eta Ion Artutxa triatletek, Ultzamako mendi maratoian lan ona burutu zuten, Mahala-TTT talde hoberena bezala sailkatuz.

M-15 Tolosan

Madrildik Bruselara bidean, M-15 mugimenduak Tolosan egin zuen geldialdia. Pasa den uztailaren 26an Madrildik irten zen maiatzaren 15eko mugimenduaren martxa, Bruselara bidean. Abuztuaren 14an, Trianguloa plazan bildu ziren martxako partaideak, eta postu bat jarri zuten janaria eta sukaldeko tresnak biltzeko. Asanblada bat ere egin zuten, tolosarren eta inguruko herritarren kezkak jaso, eta Europako parlamentura eramateko. Martxa urriko lehen egunetan Bruselara iristea aurreikusi dute.

Arrauna

Tolosa-Getariako neskak garaile Euskotren ligan eta Gipuzkoako ligan. Tolosa-Getariako nesken Urkabe trainerua izan da aurtengo udan erregularrena. Beren lanak bi garaipen garrantzitsu eman dizkie: Euskotren liga eta Gipuzkoako Emakumezkoen Traineru Liga. Lehena 12 punturekin irabazi zuten, abuztuaren 15ean Zarauzko uretan; San Juan, Bizkaia eta Hondarribiako traineruak izan zituzten arerio beren taldeko estropadetan, eta Galizia, Zumaia eta Orio, berriz, beste talde batean aritu dira. Gipuzkoako ligaren garaipena, pasa den abuztuaren 27an lortu zuten, Orioko estropada amaitu eta gero, 29 punturekin.

Sega

Eskualdeko segalariak Europako Sega Txapelketan. Pasa den abuztuaren 20 eta 21ean, Europako Sega Txapelketa ospatu zuten Cerklje na Gorenjskem-en (Eslovenia). Segalari euskaldunek parte hartu zuten Almitza elkartearen izenean, eta eskualdeko hainbat gizon-emakume aritu ziren segan: Joxe Gabirondo 5. postuan sailkatu zen, eta euskaldunik hoberena izan zen abuztuaren 21eko proban; bide beretik, Arkaitz Arteaga, Unai Iraola, Oier Urkola, Joseba Agirrezabala, Igor Urkola eta Andoni Egia aritu ziren. Emakumezkoen proban, Naroa Geresta izan zen eskualdeko segalarien artetik hoberen sailkatu zena, 18. postuan; bere atzetik, Garazi Ezeiza eta Ainhoa Galarraga sailkatu ziren.

Istripua benta haundin

77 urteko emakume bat hil zen. Pasa den abuztuaren 26an, kamoi batek 77 urteko emakume bat harrapatu zuen Olarrain auzoko 1. zenbakian, goizeko 11:30ak aldera. Anbulantziek emakumea segituan Asuncion klinikara eraman zuten arren, emakumea ospitalean bertan zendu zen.

Ultra trail-a

Iker karrera bigarren postuan Mont Blanc-eko proban. Abuztuaren 27an, Mont Blanc-eko Ultra Trail proba ospatu zuten. Iker Karrera kirolariak 20:45:30-eko denborarekin, bigarren postuan sailkatzea lortu zuen Salomon Santiveri taldean kide duen Kilian Jornet-en atzetik.

Ardi txakurrak

Txiki txakurra seigarrenez txapeldun. Abuztuaren 28an ospatu zuten, Uharte Arakilen, ardi txakurren 44. lehiaketa. Aresoko Antonio Alustizaren bi txakurrek, lehenengo eta bigarren postuak lortu zituzten. Txiki-k seigarrenez lortu zuen puntuaziorik altuena, 427 punturekin; bere ondorengoa den Bai txakurrak, berriz, hiru puntu gutxiago lortu zituen ekitaldian. Horrela beraz, aresoarrak lehen eta bigarren sariak eskuratu zituen. Era berean, Josetxo Villabona leitzarra eta bere txakurra Argi, zortzigarren postuan sailkatu ziren, 43 punturekin.

Mendia

Edurne Pasaban Príncipe de Asturias sarietarako izendatua. Edurne Pasaban mendizalea Príncipe de Asturias sarietarako izendatu zuten kirolarien sailean. Berarekin batera, Raul Gonzalez futbolaria, Marta Domingez eta Haile Gebreselassie korrikalariak, Kelly Slater surflaria, Carlos Sastre txirrindularia edo igeriketa sinkronizatuko Espainiako taldea izendatu zituzten, besteak beste, sarirako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!