Abiadura Handiko Trenaren obrak Tolosara iritsi dira. Hori dela eta, Tolosako Udalak deituta, iragan ostegunean, hilak 21, bilera egin zuten San Esteban auzoko elkartean, eta bertan, udal ordezkariekin batera, 40 auzotar inguru bildu ziren gaiaren inguruan hitz egiteko asmoz. Bilkuran, alkateak eta udal teknikariek egoeraren inguruko azalpenak eman zituzten, eta tolosarrek zituzten kezkak eta galderak erantzuten saiatu ziren.
Abiadura Handiko Trenaren proiektua udalaren eskumenetatik kanpo dagoela argitu zuten hasteko. Baina, aldi berean, «udalak herritarrei jakinarazi nahi die, ahal duen neurrian, herrian eragin ditzakeen kalteak murrizten saiatuko dela».
Bestalde, hemendik aurrera, teknikari bat ariko da gai hau lantzen, eta bizilagunekin harremanetan egongo da, obrak aurrera doazen heinean, «unean uneko arazoei aurre egiten laguntzeko». Amaitzeko zera azaldu zuten: «udala irekia dagoela eta maiztasunez, batzarrak deituz, herritarrak informatzen joango dela».