Menchu Gal, kolorearen poza erakusketak pasa den asteazkenean zabaldu zituen ateak. Irailaren 10a bitarte, ikusgai izango da Aranburu jauregian.
Erakusketa Menchu Gal Fundazioak antolatu du, Tolosako Udalarekin eta Kutxarekin elkarlanean. 2008an zendu zen artista irundarraren ibilbidea laburbiltzen duten 44 olio, pintura eta marrazki ikusi ahal izango dira. Aurkezpen ekitaldian, Ibai Iriarte Tolosako alkatea, Jose Juan Gonzalez de Txabarri Menchu Gal Fundazioko idazkari nagusia, eta Menchu Gal Fundazioaren erakusketetako komisarioa den Edorta Kortadi tolosarra izan ziren.
Menchu Gal, kolorearen poza, erakusketa ibiltaria da. Iberiar penintsulan egin duen hirugarren geldialdia izan da Tolosako Aranburu jauregikoa. Hona iritsi aurretik, artista irundarraren lanak Iruñean eta Malagan ikusgai izan dira, eta antolatzaileen arabera, «harrera oso ona» izan du bi hirietan; Iruñeko Ciudadelara, esaterako, apirilaren 28tik ekainaren 5era bitarte, 3.000 bisitari inguru bertaratu ziren.
Izaera eta kronologia askotako aleak jarri dituzte erakusketan, eta XX. mendeko margolari narbarmenetariko honen 70 urteko bide luzea islatu nahi izan dute horrela. Besteak beste, bere jaioterritik gertu dauden paisajeak eta 40 eta 50. hamarkadetako garai beltzetako lan kubistak daude ikusgai.
Aipatzekoa da, erakusketaren izen bera duen liburua ere argitaratu berri duela Editorial Turner-ek. Liburuaren muina Francisco Javier Zubiaur Carreñok, Artearen Historian doktoreak, idatzi du. Testu honekin batera, gainera, Espainia mailako kritikan erreferentzia bilakatu diren Francisco Calvo eta Edorta Kortadiren hitzak ere irakurgai izango dira. Era berean, Menchu Galen hilobak ere parte hartu du lanean. Guztira koloretako 100 irudik osatzen dute liburua.
70 urteko lana
Menchu Gal Irunen jaio zen 1918an, eta Donostian hil zen, 2008an. 13 urte zituela, bere herriko egunkari bateko irakurleen arreta piztu zuen, margotzeko bere gaitasuna zela eta.
Segituan joan zen Parisera, eta bertan ikasi zituen pinturaren munduko nondik norakoak. bere heziketan, hainbat korronte artistikoren eragina jaso zuen: realismoa, inpresionismoa, postinpresionismoa, kubismoa, fauvismoa eta espresionismoa. Joera hauek guztiak bere lanetan nahastu zituen arren, Menchu Galek koloreari garrantzia berezia eman zion. Bide horretan, 1960ko hamarkadan hasi zen bere ibilbideko garairik oparoena.
Erakusketei dagokienez, 1931 eta 2008 artean, bakarkako 70 erakusketa egin zituen, eta taldekako 232tan parte hartu zuen. Era beran, hainbat sari jaso zituen bere lanagatik; besteak beste, 1959an eman zioten Pinturaren Sari Nazionala.
Bere obra, mundu osoan
Espainiako estatuko nahiz nazioarteko hainbat museotan Menchu Gal irundarraren lanak dira ikusgai.
Nabarmenenak aipatzearren: Bartzelonako Museo D´Art Contemporani, Madrilgo Centro Nacional de Arte Reina Sofía, Bilboko Museo de Bellas Artes, Donostiako San Telmo museoa, Buenos Aireseko Museo Nacional de Bellas Artes, Osloko Museet For Samtidskunt eta Kubako Museo Nacional de Bellas Artes.