Xabier Zeberio (Tolosa, 1978) duela hamalau urte inguru hasi zen Oskorri taldean jotzen. Biolina eta nyckelharpa jotzen ditu, eta zenbaitetan ahotsa ere jartzen du. Taldeak argitaratu berri duen Dantza kontra dantza diskaren inguruan aritu da Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitzarekin.
Zuen lan berrian dantzarako doinuak landu dituzue. Kontatu XVIII.mendekoak diren doinu hauekin nola egin zenuten topo.
Taldeko partaideei, duela 40 bat urte iritsi zitzaizkien partitura hauek, eta egia esan, oso doinu bereziak, arraro samarrak, iruditu zitzaizkien. Urtetan zehar partiturak hor eduki eta gero, konturatu ziren esku artean zituztenak Iztuetaren partiturak zirela, Zaldibiako dantza maisu handi batenak. Garai bateko Gipuzkoako dantza zaharrak ziren. Horietako batzuk gaur egunera arte iritsi dira, baina beste asko, gehienak, galdu egin dira bidean. Gauzak horrela, proiektu polita izan zitekeela iruditu zitzaigun, doinu arkaiko horiek hartu eta gure modura jarriz, Oskorriren ukituarekin eta soinuarekin. Esan bezala, dantzak guztiz galduta zeudenez, aukera polita iruditu zitzaigun Baztango dantzariekin batera, pauso berri batzuk sortzea, Mutil dantzan eta Muxikoetan oinarrituta, melodia hauek jende guztiarentzat dantzagarri egin, eta berriz ere plazara ateratzeko.
Natxo de Felipek diska berria Oskorriren lanik sakonenetarikoa izan dela aipatu du. Nolakoa izan da partituretatik abiatuta, amaierako doinuetara heltzeko prozesu hori?
Materiala nahiko berezia da, oso melodia arkaikoak dira. Tempo eta erritmoetan abesti guztiek nahiko antzekotasuna dute. Pieza hauek gure estilora, doinu modernoagoetara emateko, buruari buelta asko eman behar izan dizkiogu; bai tinbre berriak sortzeko, bai ñabardura moderno batzuk lortzeko, eta azken finean, melodiari beste ikuspegi gaurkotuago bat emateko. Egia esan lana nekeza izan da, nahiko luzea. Baina emaitzarekin oso pozik gaude.
DVD bat ere grabatu duzue. Plazetan dantza egiteko ohitura hori suspertzeko helburua izan al duzue?
Alde batetik esan daiteke baietz. Dena den, gure proiektuaren oinarria musika da: kantu horiek hartu eta gure modura plazaratzea. Gero horri, jendeak edo herriak dantza horiek modu erraz batean dantzatzeko aukera gehitzen baldin badiogu, hobeto. Dantza bat grabatu dugu DVDan, Euskal Herriko hiriburu guztietan, dantza koadrila handi batekin, eta horrez gain proiektuaren azalpen bat ere sartu dugu, dokumental txiki moduko bat osatuz. Era berean, pausoen azalpenak ere badira, ikasi nahi duenak modu erraz batean egin dezan. Iparraldean eta inguruetan, horrelako dantzak azken urteotan indar handia hartzen ari dira, eta hauez gain, gure diskokoen antzeko melodiak plazaratzen baldin baditugu, aukera gehiago izango dira dantza egiteko.
Diska honekin aurreikusitako emanaldiak, beraz, plazetan izango al dira jendeak dantza egin ahal dezan?
Udako emanaldiak kanpoan, kalean, eskaintzen ari gara. Gero ez dakit nola moldatuko garen barrurako ere, baina esan bezala, dantzaren puntua gehigarri moduko bat da. Guk abesti hauek dantzarik gabe ere defendatu nahi ditugu, pieza normal batzuk direlako. Dantzak izan arren, Oskorrik bere errepertorioan hamaika dantza dauzka, eta aretoetan ere jotzen ditugu hauek. Ondo legoke jendeak dantza egiteko aukera izatea, baina moldatu gaitezke, eta errepertorioa ere nahiko malgua daukagu alde horretatik; bai barrurako eta bai kanporako moldatzeko aukera ematen digute abestiek.
Partitura arkaiko hauetako doinuak Oskorriren erara landu dituzuela aipatu duzu. Horrelako kasuetan non jartzen diozue muga sormen propioari?
Egia esan, guk halako fantasia bat ematen diogu gure lanari. Melodia hauek gure eskuetara iritsi zaizkigu, eta bere horretan mantendu ditugu, baina melodiak bakarrik. Horren ondoren, sekulako aldaketak eta moldaketak egin ditugu, inongo mugarik gabe eta gure imaginazio guztia martxan jarrita. Argi eta garbi esan behar da,ez dugula guk tratatu historikorik eta antzekorik egin abesti hauekin; guk material bat hartu dugu, gure moduko disko bat egiteko. Ez dakigu garai batean zehazki nolakoak ziren abesti hauek, eta nola dantzatzen ziren. Beraz, partitura hartu dugu, eta askatasun osoa hartu dugu gure modura moldatzeko, Oskorrik beti egin izan duen bezala; bakoitzak bere ekarpena eginda, ahalik eta disko osoena lortzeko.