Eguraldiak hala behartuta, Berdura plazan bildu ziren atzo, haur eta gaztetxo tolosar nahiz sahararrak ginkanan parte hartzeko.
Tolosako Udaleko Nura kale hezitzaile taldeak antolatu zuen jokoa, eta bertaratu ziren haur gehienak sahararrak izan ziren.
Arratsaldeko 16:30ak inguruan hasi ziren hezitzaileak haur eta gaztetxoak antolatzen, eta besteak beste, ginkanan parte hartzeko binaka banatu zituzten, bikote bakoitza orkatiletik soka batekin lotuz.
Guztira hamazazpi bat gaztetxok parte hartu zuten, eta ginkana Plaza Berrian egitea aurreikusita zegoen arren, Berdura plazan burutu zuten azkenean. Modu honetara, gaztetxoek hainbat froga gainditu behar izan zituzten, postu desberdinetatik pasatuz. Batean, urez beteriko bi ontzi zeuden, eta uretan sagarrak zituzten; eskuak atzean jarrita, burua uretan sartu eta sagarrak hartzea zen frogaren helburua. Gauza bera egin behar izan zuten kakao hautsez beteriko plater batzuekin. Beste frogetako bat imintzioka batak besteari objektuak adieraztea izan zen, eta errotulagailuak botiletan sartzen ere saiatu ziren.