Gernikako Arbolako eraberritze lanak hasiko dituzte hil honen bukaeran

tolosa 2011ko uztailaren 18a

Zonaldeko merkataritza jarduera suspertzeko eta inguruari lehen zuen bizia emateko, Gernikako Arbolako inguruak eraberrituko dituzte datozen hilabeteotan.

Bertako bizilagunekin eta merkatariekin hitz egin eta akordio batera iritsi ondoren, Tolosako Udalak proiektu bat martxan jartzea erabaki du. «Inguruak lehen zuen xarma berreskuratzea» da helburuetako bat, lorategietatik «oinezko gutxi» igarotzen baitira. Horrekin batera, inguru horretako merkataritza suspertu nahi dute; hainbat ekintza burutuko dituzte horretarako.

Hiru hilabeterako lanak

Uztaila bukaeran hasita, langileek hiru hilabeteko epealdia izango dute gernikako Arbolako lanak amaitzeko. Proiektuaren ardura Olloquiegui hondeaketak enpresari esleitu diote, eta 393.603,63 euroko aurrekontua izango dute eraberritze lanetarako. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak merkataritza sustatzeko ematen dituen Merkagune izeneko diru laguntzak ere izango dira obrak egiteko.

Gernikako Arbolako ingurua suspertzeko bide honetan, argiteria hobetuko dute, inguruko espailoak zabalduko dituzte, aparkalekuen antolaketa aldatuko dute, lorategiak barnealdetik zeharkatzeko pasabideak eraikiko dituzte, eta lorategi hauetako loreak aldatuko dituzte. Era berean, saneamendua eta ur horniduraren sareak konpontzeko probestuko dituzte lanak.

Aipatzekoa da, birgaitze lan hauek irauten duten bitartean, inguruko trafikoa bideratzeko zenbait aldaketa egingo dituztela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!